Hezkuntza sistema burujabea eraikitzen segitzeko konpromisoa berretsi du LAB Irakaskuntzak

Noaua Aldizkaria 2018ko mai. 12a, 16:22

30 urte bete ditu LAB Irakaskuntzaren jardunak. Urtemuga Udarregi Ikastolan ospatu dute larunbat goiz honetan egin duten ekitaldiarekin. 1987an sortzera bultzatu zuten arrazoiak bizirik, bere horretan mantentzen direla azpimarratu dute, ikastolako erdiko aretoan egin duten ospakizunean. "Euskal estatu burujabea helburu, LAB Irakaskuntzaren ekarpena behar beharrezkoa dela argi geratu da eta horretarako hezkuntza sistema burujabea iruten jarraitzeko konpromisoa berretsi dugu". Indarberrituta, aurrera ekiteko gogo eta nahia berretsi dute. 

Hiru hamarkadetan jorratu duten bidearen errepasoa egin dute. "Hamaika izan dira martxan jarritako dinamika, borrokak, proposamenak... eta gehiago egiteko ilusioa eta indarra badugula aldarrikatu dugu".

Argi diote LAB Irakaskuntzatik, 30 urteotan hainbat lorpen izan dira, langileen eskubideen alde eta hezkuntza sistema burujabea eraikitzeko bidean. "Baina ezin esan, guztia egina dagoenik, ezta urrik eman ere, hezkuntzako langileon lan baldintza duinak izan daitezen asko dugu egiteko eta zer esanik ez hezkuntza sistema burujabea eraikitzeko". Horretarako ezinbestekotzat jotzen dituzte, adostasuna, batasuna eta elkarlana. "LAB sindikatuak dei egiten dio Hezkuntza Komunitate osoari eztabaida sano bat egiteko proposamenak mahai gainean jartzeko eta gure herriak behar duen hezkuntza eraikitzeko adostasunak eraikitzeko". 

LAB sindikatuaren hezkuntza proiektua berritzeko proposamena osatzen ari dira. Irailean aurkeztuko dute, afiliatuek eztabaida dezaten.  "LABen barne eztabaida bat ez ezik, mahai gainean jarriko dugun proposamena urratsez urrats Hezkuntza Sistema Burujabea iruteko tresna izatea nahiko genuke. Hezkuntza komunitatean eztabaida eta hausnarketa eragin nahi dugu".

LABen hezkuntza egitasmoa

"30+ Usurbilgo Adierazpena" izenburupean aurreratu ditu LAB Irakaskuntzak, hezkuntza egitasmoa ziklo berrira eguneratzeko, irailean aurkeztu eta eztabaidarako eramango duen proposamenaren ardatz nagusiak. Bi erronka nagusi planteatzen dituzte: "Hezkuntza sistema burujabea eratzea Euskal Herri osoan; bestetik, euskal eskola publiko komunitarioa eratzea, hezkuntza sistema horren ardatz gisa".

Zehaztu dutenez, "Euskal Herrian irekitzen ari den ziklo politiko berrian Hezkuntza zutabe nagusia izatea da gure proposamena, Euskal Herri burujabea eta justizia sozialean eraikitakoa nahi badugu hezkuntza sistema berria beharrezkoa da. Herri egiten gaituzten zutabeak eraiki (hizkuntza, kultura, identitatea) eta langile klase gisa ditugun erronkei (inklusioa, hezkidetza, aukera berdintasuna, segregazioak gainditzea) erantzuteko proposamena da honakoa". 

Euskal eskola publiko komunitarioa ardatz izango duen hezkuntza sistema propioaren aldeko apustua egin nahi du LAB sindikatuak. Sistema propio horrek izango lituzkeen ezaugarriak ere zehaztu dituzte. "Hezkuntzaren gaineko ikuspegi integral, askatzaile eta burujabea aldarrikatzen dugu". Euskal Herriko hiru hezkuntza administrazioek partekatutako eremu komuna eta udal zein mankomunitateen titularitatekoak liratekeen "herri eta auzo eskola komunitarioak aurreikusten ditugu".

Hezkuntza sistema horretako hizkuntza nagusia euskara izango da, eta eredu horretako ardatz nagusiak euskal curriculuma, pedagogia aktiboak eta ebaluazio hezitzailea izango dira. "Helburua ikasle euskaldun eleanitzak sortzea izango da eta ebaluazio hezitzailean oinarrituko da".  Langileriari dagokionez, "prestakuntza, aitortza soziala eta lan-baldintza egokiak bermatuko dira". 

4 urteotarako neurriak

1-Hezkuntzan BPGaren %6 gutxienez inbertitzea. Ratioak nabarmen jaitsiko dira, eskola guztietan.

2-Segregazio mota guztiekin amaitzeko apustu estrategikoa: Errentaren araberako ratioen progresibitatea eta aniztasuna aberastasun bezala jorratzeko baliabide espezifikoak jarriko dira.

3-Giza kohesioaren kontrako hainbat gehiegikeria saihesteko, Administrazioak inklusiorako beharrizanen indize bat sortuko du eta gutxieneko eta gehieneko tarteak ezarriz. Inklusiorako beharrizanen indizeak ezarritako tartean mugitu beharko dira diru publikoz hornitutako ikastetxe guztiak.

4-Irizpideon garapena, eskola publiko eta kontzertatu guztietan:

-Euskarazko murgiltze eredua eta Euskal Curriculumean oinarritutako hezkuntza egitasmo propioa.

-Konpetentzietan oinarritutako pedagogia aktiboak eta ikaslea ardatz izango duen ebaluazio eredua.

-Hezkidetza ardatz, parte hartzea eta gardentasuna bermatu.

-Laikotasun eta doakotasun erreala bermatu.

-Herrian txertatua egotea eta herri eragileekin elkarlanean aritzea.

5-Udalen parte hartzea indartzea eta langileei ezarritako murrizketa oro bertan behera utziko da.