Baserritarren Egun hau itzulera baten lekukoa ere izan da eguerdi partean. Negu partean babesean egon ostean, Usurbilgo Erraldoi eta Buruhandien Konpartsaren itzuleraz ari gara. Plazan eta kalejiran ikusi ditugu bueltan ikusi ditugu, Usurbilgo txistulariekin batera. Pena, eguraldia tarteko, ezin izan dute aurreikusitako ibilbidea osatu. Eguerdi partean izan den aterrunea baliatu dute, iragarria zutena baino zertxobait lehenago kalera ateratzeko. Frontoian izan dira pixka batean, eta euririk ez zela ikusita, Bordatxo aldera igo dira lehenik, eta gero frontoiari, plazari eta elizari itzulia eman diote.
Aipatu moduan, neguko etenaldiaren ostean, martxan dira honenbestez, erraldoi eta buruhandien konpartsako kideak. Egunotan sare sozialen bidez iragarri dutenez, kalera irteteko gogotsu ziren. "Bueltan gara! Bai, bueltan eta inoiz baino indar gehiagorekin. Hain handia da kalera irteteko dugun gogoa, ezen irteera baten faltan, bi izango ditugu. Gure erraldoi eta buruhandi maiteak kalera irteteko gogo handiz daude! Inauteriak hurrun ikusten ditugun bitartean, eguneratzeko ordua heldu da".
Maiatzaren 20an Debara
Gaurko zuten iragarria lehen irteera, bigarrena, astebete barrurako. "Bigarren irteera ordea, maiatzaren 20an iritsiko da. Herritik kanpora joan nahi genuela esan genuen, eta halaxe egokitu da! Debara joango gara, bertako konpartsak "Debarren Eguna" ospatzeko antolatzen duen erraldoi topaketara. Beste konpartsa batzuekin bilduta goiz eta arratsaldez irtengo gara, 11:30ean eta 18:00etan".
Laster, gure artean berriz ere jaietan ikusiko ditugu. Konpartsara batu nahi duenak ateak zabalik ditu. "Norbait konpartsara batzeko prest egongo balitz, ongietorria izango da, animatzea besterik ez da!!!", luzatu dute gonbita.