Bertako ekoizleek egiten duten lana ezagutarazi eta tokiko produktuen kontsumoa bultzatzeko baliatu nahi zuten gaurko Baserritarren Eguna. Postuetan barrena egin dugun osteratxoan, aurrerantzean sarritan ikusi eta entzungo dugun marka berri batekin egin dugu topo. "Usurbil Km 0" izeneko zigilu berriaz ari gara. Marka berriak, bertako ekoizle eta produktuak bilduko ditu.
Markaren irudia, eta une honetan sare horretan dauden ekoizleak ezagutzera eman dira igande honetako Baserritarren Eguneko ospakizunetan. Hortxe dituzue, egitasmoarekin bat egin duten herriko hainbat ekoizleren izenak: Basatxerri, Borda Txuri, Bordatxo Esneak, Garoa Gaztak, Hain Goiko Arrautzak, Mirotz Arrospide eta Arkaitz Portularrume. Herrian ekoizle gehiago badira halere. Baserritarren Egun honetako azokan haien izena eta jarduna ezagutzera eman dira argazkien bidez. Haietako batzuk bildu ditu gaurko azokak, baina lehen sektorean diharduten langile gehiago bada herrian, ondoko irudietan ikus dezakezuen moduan.
Eskualde mailako egitasmoa
"Km 0" izeneko marka berriak ekoizleen lana eta tokiko produktuen kontsumoa sustatu asmo du. Ez da herri mailako egitasmo isolatu bat izango. Beterri-Buruntza eskualdeko udalek (tartean Usurbilgoak), Behemendi (Donostia-Bidasoako landa garapenerako elkartea), Karabeleko (ekonekazaritzaren arloko etxalde esperimental aurrendaria) eta Ximaurpila (lurraren emankortasuna sustatzeko elkartea) eragileekin elkarlanean, bertan ekoitzitako produktuak kontsumitzaileen esku jartzea bultzatzeko egitasmoa landu dute; "Beterri Km0" izeneko marka.
Proiektu berri honi buruzko xehetasun gehiago, astearterako, San Ixidro Egunerako Hernanin deitu duten agerraldian emango dituzte ezagutzera. Edozein kasutan, badute web orri bat sarean, eta bertan jaso ditzakezue argibide gehiago. Honatx helbidea: beterrikm0.eus
OLYMPUS DIGITAL CAMERA