Joxan Artzeren ekainaren 16ko omenaldia prestatzeko batzar irekia gaur 18:30etan Potxoenean

Noaua Aldizkaria 2018ko mai. 14a, 08:00

 

Ekainaren 16an sortzaile usurbildarrari egingo zaion herri omenaldia prestatzen segitzeko batzar irekia deitu du zereginotarako osatua dagoen batzordeak astelehen honetarako, maiatzaren 14rako 18:30etan Potxoenean. Musika, poesia eta dantza izango ditu osagai nagusi, egun osoz egingo diren ekitaldietan. Edonor bertaratu daiteke eta parte hartu, antolaketa lanetan.

Artzeren unibertsoa, San Telmon ikusgai

2016ko ekainean Potxoenean izan genuen “Ikimilikiliklik, J.A. Artzeren unibertsoa” erakusketa maiatzaren 20ra arte bisitatu ahalko duzue Donostiako San Telmo museoko Laborategian. Ordutegi honetan zabalduko dute, irudi, musika eta soinu mundu baten bidez, Artzeren 40 urte baino gehiagoan zehar garatutako lan poetikoan murgiltzea ahalbidetzen duen erakusketa: 10:00-20:00 artean, asteartetik igandera. Sarrera doakoa izango da. Gogoan izan, San Telmon bertan omendu zuten Artze joan den apirilaren 24an. Omenaldiko bideoa atxikia duzue albiste honi. Informazio gehiago: santelmomuseoa.eus