Sagardoari gorazarre egingo dion astean sartu gara dagoeneko. Ondoko irudiarekin hasi nahi dugu girotzen, sei egun barru emozio handiz biziko dugun usurbildarren urteko ospakizun kuttunena. Ikusten duzuen moduan, datorkigun jaialdia iragartzen duen kartel ezagunarekin ematen ari zaie ongi etorria N-634 errepidetik barrena herri inguruotatik igaro edo gure artera datozenei. Atxegalde parean eta Oxtapeko sarreran, Usurbilgo Sagardo Egunaren Lagunak taldeak, maiatzaren 20an 37. Sagardo Eguna izango dugula iragartzen duten kartelak jarriak ditu.
Bistan denez, Sagardo Egunerako atzera kontaketa martxan da. "Ez ahaztu maiatzaren 20a, igandea, egutegian azpimarratzea, egun haundia gerturatzen ari da!!!", adierazi dute sare sozialen bidez Sagardo Egunaren Lagunak taldeko kideek.
Argitara emana dute jada, maiatzaren 20an ospatuko den usurbildarren festa egun nagusiko kartela eta egitaraua. Ohi bezala, 11:30etan ospatuko den irekiera ekitaldiarekin emango zaio hasiera egunari. Baserriko, "Euskal Sagardoa" jatorrizko izendapena duten edota Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko kideak diren edariak dastatzeko aukera izango da maiatzaren 20an, pintxo aukera zabala dastatzeko aukera izateaz gain. Iaz estreinaturiko Egurrezko Sagardoaren Lehiaketako sariak ere banatuko dituzte. Bazkal ordura arteko jai giroak arratsaldean izango du segida, herria dantzan jarri ohi duen "Elektro-Patxaranga" taldekoekin.
Adi, egun euritsuon ostean, eguzkia aterako dela dirudi. Iragarpenen arabera, giro eguzkitsua eta hogeitik gorako tenperatura izatea espero da maiatzaren 20an Usurbilen.