Murrizketarik Ez!: "Ozenki salatzen ditugu Usurbilgo herriak jasango dituen murrizketak"

Noaua Aldizkaria 2018ko mai. 14a, 12:05

Aurreko astean, Gipuzkoako Foru Aldundiak ospitalera doan autobus zerbitzua ezabatuko zuela berri eman zuten Usurbilgo Udaletik. Hilabete hasieran Diputazioarekin eginiko bileran ahoz jakinarazi zitzaion Udalari, aipatu linea hau kenduko egingo dela, erabiltzaile gutxi dituela argudiatuta. Aldiz, Zubietatik barrena Hernanirantz doana mantenduko duela berri eman zitzaion Udalari. 

Honenbestez, autobus zerbitzuen murrizketen aurka Usurbilgo Udalak eta 2.000 usurbildarrek eginiko alegazioei bizkar eman die Aldundiak, ez dituzte erantzun, ezta aintzakotzat hartu ere, halako erabakiak hartu aurretik herritar, eragile nahiz erakundeekin hitz egin eta adostasunera heltzeko eskaria.

Diputazioak hartutako erabakiarekiko desadostasuna agertu du Udalak eta hitza hartzeko aukera ukatu izana salatu dute. "Iruditzen zaigu ezin dela linea hori kendu, batetik herritarrei eta Udalari aukera eman gabe parte hartze aktiboaren bidez ze beste aukera dauden aztertzeko. Eta bestetik, iruditzen zaigulako oinarrizko zerbitzuetan irizpide ekonomizista soilak erabiltzea ez dela egokia", adierazi du Xabier Arregi alkateak, albiste honi atxikia duzuen Udalak grabaturiko bideoan dioenez. 

Alkateak lehendik esan izan dutena berretsi du. "Zerbitzu hori bereziki sentsiblea, garrantzitsua dela, ospitaleetara doan jendea behartua dagoelako, eta gainera, gizarteko sektore ahulenak dira horren erabiltzaileak. Hori kentzeak badu esanahi kualitatiboa ere eta handia gainera". 

"Murrizketarik Ez!" plataforma: "Beste behin, inposaketaren bitartez hartzen ari dira erabakiak"

Zerbitzu honen ezabatzearen berri jaso bezain laster adierazpena plazaratu zuen, herritarrak, eragile ezberdinak edota autobus gidariak biltzen dituen Autobus Zerbitzuetan Murrizketarik Ez! plataformak. Segidan duzue bere osotasunean:

Autobus zerbitzuetan murrizketarik ez! plataformaren izenean eta aldundiak (Marisol Garmendiaren ahotik) Usurbilgo udalari, ospitaletako zerbitzua kenduko dutela jakinarazi ostean, honakoa adierazi nahi dugu:

- Ozenki salatzen ditugula, kasu honetan Usurbilgo herriak jasango dituen murrizketak, Azken egunotan zerbitzu hauek indartuko dituztela saltzen diguten bitartean. Ospitaletara doan autobus zerbitzurik gabe utzi nahi dute Usurbil. Onartezina deritzogu, interes ekonomikoak herritarrei eskaintzen zaien zerbitzuen gaindi jartzeari.

- Beste behin ere, herritarren iritzia kontutan hartu gabe, inposaketa bitartez, hartzen ari direla erabakiak. Aldundiko agintariek (PNV eta PSE-EE), herritarren iritzi eta erabakiari beldur diotela ematen du, demokraziaren bandera astintzen duten bitartean.

- Hau ikusita, kezka handia dugu, laster batean argitaratuko duten kontzesioaren (proiektuaren) edukia zein izango ote den. Gainontzeko herri eta zerbitzuei nola eragingo ote dien. Ez dira eta batere albiste onak herritarrontzat eta erabiltzaileontzat gaur jaso ditugunak. Esan bezala, Usurbilgo herriari gaur egokitu zaiona, datozen egunetan eskualdeko gainontzeko herriengana iritsiko denaren beldur baikara.

Honen guztiaren aurrean plataformak orain arteko aldarrikapenei eusten die eta aldundiari ondoko eskaerak luzatzen dizkie:

-Utz dezala bertan behera aurreproiektua.

-Instituzio publiko bezala, lehenetsi dezala herritarron ongizatea. Berma dezala gutxienez egun garraiobide publikoek eskaintzen duten zerbitzua eta ez dadila murrizketarik egon.

-Alboratu ditzala ikuspuntu ekonomizista soilak eta jar dezala helburu nagusi gisa jendarteari eskaintzen zaion zerbitzua eta berauen kalitatea.

-Adostutako eta guztiontzat kalte gutxien sortuko dituen erabaki bateratu batera iristeko helburuz, negoziazio mahai bat irekitzeko.

Bukatzeko, dei egiten diegu herritarrei murrizketa hauen aurrean kalera irten daitezen.