Elkarretaratzea ostegunean Miramonen, EITB-n erraustegiaz eztabaida dadin eskatzeko

Noaua Aldizkaria 2018ko mai. 15a, 13:50

Gutxi falta zaie 10.000 sinaduretara heltzeko. Errausketaren Aurkako Mugimenduak, EITB-k erraustegiari buruzko eztabaida teknikoa eman dezan galdegiteko udazkenean abian jarritako atxikimendu bilketa kanpaina azken txanpan da. Astearte eguerdi honetan jada, 9.851 lagunek bat egina zuten eskaera honekin. Erronka 10.000 sinaduretara heltzea da.

EITB-k erraustegiaren aldeko eta kontrako iritziak islatuko lituzkeen eztabaida saioa eskaintzearen aldeko sinadura emateko azken orduak dituzue  change.org atarian. Bildutako sinadurak ostegunean aurkeztuko dituzte EITB-ren Miramongo egoitzan.

Elkarretaratzea EITB atarian

Ostegun honetan, maiatzaren 17an, Birziklatzearen Nazioarteko Egunean hain zuzen, elkarretaratzea deitu du Errausketaren Aurkako Mugimenduak 18:00etan, Euskal Irrati Telebistak (EITB) Donostiako Miramonen duen egoitza atarian. Une horretan bertan, erraustegiari buruzko eztabaida ematea eskatzeko, ordura arte bildutako sinadurak entregatuko dira. “Azken aldian erraustegien inguruan argitaratu diren albisteak kezka areagotu besterik ez dute egin gizartean eta ezinbesteko bihurtu da eztabaida teknikoa modu publikoan burutzea, ondoren gizarteak erabaki dezan proiektu polemiko honen egokitasunaz”, nabarmendu dute Errausketaren Aurkako Mugimendutik.

https://twitter.com/ErrausAurkMugi/status/996335248471359488