Ikastolaren 50. urtemugako diskoa ostiralean aurkeztuko dute jendaurrean

Noaua Aldizkaria 2018ko mai. 15a, 08:45

Udarregi Ikastolako egungo kide eta kide ohiek martxoan grabatutako diskoa ostiral honetan, maiatzaren 18an aurkeztuko dute 19:00etan frontoian. Hilaren 18ko aurkezpenean bertan “diskoko 10 bat kanta abestuko ditugu” iragarri dute. Gogoan izan, 12 kantuz osaturiko bilduma eskuragarri duzue 6 eurotan Lizardi eta Laurok liburu dendetan, Bordatxo tabernan eta Udarregi Ikastolan.

Auzolanean eginiko grabazioa

Martxoan grabatu zuten ikastolako komunitateko egungo kideek eta kide ohiek. "Kantariak, ikastola osatzen duten oro izan dira, ikasle, ikasle ohi, guraso, guraso ohi, aiton-amonak, irakasleak, irakasle ohiak eta langileak. Instrumentu joleen artean ere, ikastolako guraso, irakasle, zein ikasle eta ikasle ohiak izenda ditzakegu, tartean, oso ezagunak diren instrumentu joleak", ikastolatik NOAUA!ri berri eman diotenez.

"Usurbilgo ikastolan abesten dituzten kantak grabatu dira. Kanta alaiak, kanta ederrak… txirularekin jotzeko kantak, irakasleek sortutakoak, ikasleek sortutakoak, ikasle ohiek sortutakoak… eta Gattunk kanta¨.

Ikastolako musika gelan grabatu zuten diskoa joan den hilabetean zehar. Moldaketak Jaione Eskudero ikastolako musika irakasleak egin ditu. Udarregiko guraso ohi Kaki Arkarazo arduratu da grabaketaz.

Abestien artean, bada bat ikasle ohiena. Luken Arkarazok sortu du doinua eta letra, "ikasle ohien artean moldatuta, eta Martxel Arkarazo teknikari lanetan jardunez Garate estudioetan”. Kanta guztion nahasketan Andoaingo Garate estudioetan egin dituzte. "Kanta hauek edonoren belarrietara gozo sartzea lortu dute ikastolako kantari eta musikariek, kanta bakoitza mimo, gogo, intentzio eta maitasun handiz egina dago. Adin guztietako pertsonentzat zuzendua dago”.