Antxomolantxa Elkarteak Aginagako Arrate baserri inguruetara irteera antolatu du larunbat honetarako (maiatzak 19). Goizeko 10:00etan abiatuko dira Aginagako frontoitik. Familia giroko txangoa izango denak Arrate baserrirantz joko du aipatu moduan.
Zonalde horretan dagoen igel putzu bat bisitatuko dute. Bertan dauden igelak, hegoaldeko zuhaitz-igela, babestu beharreko espeziea dugu. Euskadiko anfibio urriena aurkitzen baita bertan, baita Mendizorrotz eta Igara inguruetako zenbait putzuetan ere. Ezagutu eta zaindu beharreko ondare bizia beraz. Aranzadi Zientzia Elkarteko kideen eskutik, xehetasun gehiago eskainiko dizkiete txangoan parte hartuko dutenei. Aipatu moduan, plan egokia herritar ororentzat, bereziki haur eta gurasoentzat.
Aginagako txokoak
Ostiral honetan (maiatzak 18) itxiko dute, Aginagako udako txokoetan izena emateko epea. Ekainaren 25etik uztailaren 30era izango dira baina, Aginagako San Praixku guraso elkartetik ohartarazi dutenez, “abuztuan ere eskaintzeko asmoa dugu, taldea sortzen bada behintzat”. Izen emateko bi aukera dituzte interesdunek: iraupen osoa edota asteak solte. Informazio gehiago helbide honetan: aginaga@eskolatxikiak.org