Egun ezin egokiagoa hautatu dute aurkezpenerako; maiatzaren 15a, San Ixidro, Baserritarren Eguna. Hernaniko udaletxe atariko plazan bildu dira "Beterri Km0" proiektu berria sustatzen ari diren erakunde, ekoizle eta elkarteetako ordezkariak. Beterri-Buruntzako eskualdeko udalak (Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgoak), Behemendi, Donostialdea-Bidasoako landa garapenerako elkartea, Karabeleko, ekonekazaritzaren arloko etxalde esperimental aurrendaria eta Ximaurpila, lurraren emankortasuna sustatzeko elkarteko ordezkariak.
"Bertako nekazal ekoizpena bertako merkatal zirkuitu laburren bidez merkaturatzeko proiektu bat" dela "Beterri Km0" , berri eman dute astearte goiz honetan egin duten agerraldian. Proiektu honek elkarlanean jarri ditu, eskualdeko ekoizleak, merkatari eta ostalariak eta administrazio publikoak. Guztiokin eta kontsumitzaile diren herritarrekin batera, sare moduko bat osatu nahi dute, bilgune modukoa, bertan ekoitzi, bertan saldu, bertan erosi eta bertan kontsumitzeko. Hau guztia ikusgarri egin, eta sustatzeko.
Erronka ugari
2015ean abiatu zuten egitasmo hau, eta ordutik, urrats ezberdinak eman dituzte. Eskualdeko lehen sektoreko ekoizleak identifikatzeari ekin zioten lehenik. Iaz, ingurumen klausulak ezartzen hasi ziren, horri esker, administrazio publikoa bertako produktuen kontsumitzaile nagusi bihurtzeko. Proiektu hau aurkeztea beste aurrerapausu bat izan da egitasmo honen sustatzaileentzat. Datozen hilabeteei begira, eskualdean dauden ekoizleen eta produktuen gaineko informazioa, eskaintza bilduko duen katalogoa argitaratu asmo dute, saltzaile eta kontsumitzaileak dabiltzan guneetara (jatetxeak, saltokiak...) zabaltzeko. Horrekin batera, banaketa unitate bat ere diseinatu nahi dute. Horretarako aurrez, Beterri-Buruntzan barruan zer ekoizten den, horren gaineko datuak bildu nahi dituzte. Hilero eskualdean saldu eta erosten denari lotutako datuak ere jaso nahi dituzte.
Badute aurrera begirako beste erronka potolo bat ere; nekazari gehiago sortzea, jardun honetara jende gehiago erakartzea. Eta zereginotarako, lur pribatu eta publikoak eskuratzea.
Adi egoteko deia luzatu digute. "Eskualdeko herritarrek pegatina bat ikusten duten jatetxe, denda, taberna eta jangeletan bertako produktuak kontsumitu ahalko ditu", iragarri dute. Dagoeneko bertako produktuak eskaintzen dituzten 30 salmenta puntu inguru daude eskualde osoan. "Beraz adi egon seinaleari eta bertako produktuak kontsumitzeko jarraitu pegatinari", adierazi dute.
Gai honi buruzko informazio zabalago eta eguneratua, beterrikm0.eus atarian duzue.
OLYMPUS DIGITAL CAMERA