Aurrerantzean sarritan izango dugu GuraSOSen berri. Agerraldi sorta iragarri du hurrengo asteotarako. Lehenengoa gaur bertan (maiatzak 16) egin du Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. Gizarteak hondakinen kudeaketaren inguruan duen informazio gabezia saihestu nahi dute, gardentasuna berma dadila gai gatazkatsu honetan, eta konponbide adostu batera heldu.
Fase horretara heltzeko, oraindik argitzeke dauden hainbat galderen erantzunak nahi dituzte. Esaterako: zer erre nahi den Zubietako erraustegian, Gipuzkoako hondakinak edo estatukoak ere erraustuko ote diren bertan, hondakinen kudeaketa pribatizatzeak zenbateko kostua eragingo dien gipuzkoarrei... Azken puntu hau bai, argitu eta gogorarazi digute beste behin gaurkoan. "1.000 milioi euro. 6.000 euro familiako", zehazten zuen gaur goizean GuraSOSek Donostian eginiko agerraldian. "Nola da posible, austeritaterako deia egiten den garai honetan, 1.000.000.000 euro (familiako 6.000 euro) gastatu nahi izatea beharrezkoa ez den azpiegitura batean?".
EAE-k, bigarren erraustegi baten beharrik ez
Zubietako erraustegiko lanak berehala geratzea eskatu dute, ez Gipuzkoak ezta EAE-k ere ez duelako hiri hondakinak kudeatzeko halako bigarren planta baten beharrik. Bizkaiko Zabalgarbikoarekin aski dela ziurtatzen du GuraSOSek. Gaur egungo azpegiturak modu eraginkor batean kudeatuta, ez dela erraustegi berrien beharrik, beti ere, "borondate politikoa baldin badago".
Egunotan hedabideen zabaldu den albistea jarri dute horren guztiaren adibide gisa. "Bizkaiko Foru Aldundiak Zabalgarbi baliatzeko Gipuzkoari egindako eskaintzaren ondoren, agerian geratu da Donostian eraikitzen ari diren erraustegia ez dela beharrezkoa", gogorarazi du GuraSOSek.
Aukera hau, hondakinak Zabalgarbira eramatekoa lehenago zergatik ez den aztertu galdetzen du GuraSOSek, "lehen momentutik" zuten eta, talde honen esanetan, aukera horren berri. "Zergatik ez da aukera hau aztertu eta baliatu orain arte?".
GuraSOSek aukera hau aztertzeko eskatu izan dio publikoki Eusko Legebiltzarrari, baina "gaur gaurkoz ez du erantzunik jaso". Lehendik adierazi izan duten moduan, koordinazio eta planifikazio falta egotzi dio gai honetan ardura eta eskumenak dituen Eusko Jaurlaritzari. "Hiri-hondakinak tratatu eta deusezteko azpiegituren planifikazio eta koordinazioaren ardura berea da, eta ez da betetzen ari. Ardura hori Foru Aldundien esku ari da uzten, inolako koordinaziorik gabe. Arduragabekeria horren ondorioz, soldata eta pentsioen jaitsierak eta murrizketa sozialak bizitzen ari garen garai berean, beharrezkoak ez diren inbertsio izugarriak ari dira izaten".
"Itsu-itsuan erabaki da beste azpiegitura bat eraikitzea"
Jaurlaritzaren utzikeriari lotutako beste bi adibide. Hiri-hondakinak Mallabia edo Mutiloako zabortegietan isurtzea edo Zubietako erraustegian eskorien tratamendua egitea baimendu izana, hiri-hondakinak kudeatzeko planaren aurka edo haren babesik gabe. Are gehiago, "GHK-ren baitan Bizkaikoak diren herriak daude (Mallabia adibidez), eta ondorioz, ez da bidezkoa Gipuzkoako foru arauak proiektu honetarako baliatzea: kontratuaren errekurtsoa ez zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak konpondu behar, autonomi erkidego organoek baizik".
Gipuzkoa eta Bizkaiko Foru Aldundiei eta Jaurlaritzari, euskal erakundeen arteko elkarlana zergatik ez duten sustatu galdetzen die GuraSOSek, zergatik ez den aztertu egungo azpiegiturak nahikoak ote diren. "Itsu-itsuan erabaki da beste azpiegitura bat eraikitzea; baina, aztertu al da nahikoa beharko lukeen? Ze dimentsiotakoa beharko lukeen? Ez bada aztertu, zergatik?".
Galdera hauentzako erantzun batzuk baditu erraustegiak haien seme-alaben osasunean izan dezakeen eraginagatik kezkaturiko guraso taldeak. "Bistan da, ezetz, eta ordaina begi-bistakoa da: hondakinak kudeatzeko noraeza kaotikoa eta ikuskizun publizitarioa. Arrazoia edo erantzuna guztietan berbera da: justifikaezina dena justifikatzeko. Ukaezina den errealitatea manipulatu eta ezkutatzeko, hots, Gipuzkoako balorizazio energetikorako instalazioa ez dela beharrezkoa, ez diola behar tekniko bati erantzuten, baizik eta pultsu politiko bati", GuraSOSen esanetan.
Beharrezkoa ez dela adierazi izan du aurreko legealdian Foru Aldundian agintean zela, erraustegiko lanak eten zituen EHBilduk . Baina baita egun agintean diren EAJ eta PSE alderdietako hainbat kideek ere. Eta ez orain urte asko, 2013-2016 artean, hedabide ezberdinek jaso izan dutenez.
Testuinguru honetan, GuraSOSek "gizarte eragile eta politikariei dei egiten die aukera hau baliatu eta hondakinen kudeaketaren inguruko gatazka luze hau berbideratzeko. Bada garaia denon artean kohesionatu, elkarlanak eraiki, eta batzuen nahi edo beharren gainetik guztiona jartzeko. Denok irabazteko garaia da", nabarmendu dute.
Deia erakundeei baita, "Gipuzkoako Aldundiari eta GHK-ri, ekonomiaren zein ingurumenaren ikuspegitik abantailak izango dituen irtenbide alternatibo baten aukerak aintzat har ditzaten. Eta era berean, oposizioan dauden taldeei irtenbide adostua erraztu dezaten eskatzen die. Gipuzkoak normaltasuna eta jendartearen konfiantza berreskuratu behar ditu. Gipuzkoa positiboago baterako garaia da".
Hitzartu diruz laguntzeko deia
Foru Aldundiak iragarri arren, gerora egin ez zuen parte hartze prozesua abiatu du GuraSOSek beste hainbat eragilerekin elkarlanean: gipuzkoarroi hitza hartzea eta hitzartzea ahalbidetzen ari den Hitzarturi buruz ari gara. Abian dute egitasmo hau. Gogoan izan, maiatzaren 5ean Lasarte-Oriako Landaberri Ikastolan egin zuten herritarrentzako parte hartze jardunaldia. Urte amaierara arte aurreikusiak dituzten ekimenak gauzatu ahal izateko ordea herritarron laguntza behar dute. Diru ekarpenak egiteko bi bide dituzue: bono-laguntzak erosiz edota gurasos.org eta hitzartu.eus atarietan ageri diren kontu zenbakietan diru-sarrerak eginez.