"Angula ustelak" hitzaldia 19:00etan, Zubietako Kaxkape egoitzan

Noaua Aldizkaria 2018ko mai. 17a, 07:00

Gipuzkoa Zutik mugimenduak tokian tokiko eragileekin elkarlanean antolatuta (Zubietan, Zubieta Lantzenekin), Gipuzkoan barrena egiten ari diren elkartasun biraren baitan, geldialdia egingo dute Zubietan Ainhoa Intxaurrandietak eta Igor Melchorrek. "Angula ustelak" hitzaldia eskainiko dute ostegun honetan (maiatzak 17) 19:00etan Zubietako Kaxkapen. 

"Ustelkeriari lotutako hamaika gertakizun ezagutuko ditugu"

Solasaldiok helburu argia dute; "Herritarrak gertatzen ari denaren gainean informatzea da lehen helburua. Herriz herri gogoeta eta eztabaida egitea ere bai, erakunde publikoetan politika egiteko moduez, gaur egun bizi dugun egoeraz". Iragarri dutenez, erraustegiaren gertaera zehatzetan oinarrituta, "Euskal Erregimenak nola funtzionatzen duen" ikusteko aukera izango da.

"Ustelkeriari lotutako hamaika gertakizun ezagutuko ditugu: Lapurtutako ordenagailuaren eta suntsitutako dokumentazioaren kasuak, bankuekin eginiko tratu absurdua, enpresen txostenak idatzi zituzten funtzionarioen kasua, beharrezkoa ez den gastu publikoa justifikatzeko gaindimentsionatutako datuak... Diru publikoa betikoen esku pribatuetara pasatzeko mafiaren jokamoldea da. Erabat onartezina demokrazia batean", Gipuzkoa Zutik mugimendutik nabarmentzen dutenez.

"Gaur egun inoiz baino indartsuago eta gupidagabeago agintean dagoen Euskal Erregimenaren politika nolakoa den oso errepresentatiboa da Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkinen kasua. Apirilaren 12an epaitu zituzten Gipuzkoar guztiontzat ekonomikoki kaltegarria eta Donostialdeko milaka herritarren osasunarentzat arrisku garbia den erraustegia gelditzeagatik. Ondasun pertsonaletatik 100.000.000 (ehun milioi euro) eskatzen dizkiete. Erabat onartezina".

Fiskaltza ere Intxaurrandieta eta Errazkin zigortzearen alde

2013ko azaroan erraustegia geratzeagatik epaitu zituzten apirilaren 12an Madrilgo Kontu Auzitegian, garai hartako GHK-ko lehendakari Ainhoa Intxaurrandieta eta foru ingurumen diputatu Iñaki Errazkin. Aurreko ostegunean, ondorioak azaltzeko saioa egin zuten. Fiskaltzak bat egin du, orain bost urte Zubietako erraustegia geratu izanak eragindako gastuak, egungo GHK-ko arduradunek Errazkin eta Intxarraundietari ordaintzeko eginiko eskaerarekin. Gogoan izan, EHBilduko bi kideon poltsikoetatik 45 milioi euro ordaintzea eskatzen diete auzitara eraman dituzten GHK-ko egungo kideek.

LAB sindikatuak bestalde, babesa adierazi die Intxaurrandietari eta Errazkini. Herritarren mandatua bete baino ez zutela egin dio sindikatuak. EHBilduko bi kideok hartutako erabakiak ordea, EAJ sustatzen ari den ereduaren aurka jo izana ordainarazi nahi zaiela ohartarazten du.