Jaietako egitarau diseinu lehiaketara aurkeztu eta txupinazorako hautagaiak proposatzeko ostiralera arteko epea

Noaua Aldizkaria 2018ko mai. 17a, 08:00

Usurbilgo jaien prestaketa lanak azken txanpara heltzear dira. Egutegiari begira, hilabete eta erdi baino ez baita falta, herri hau festa giro betean murgiltzeko. Jai Batzordeak antolaketa lanekin segitzeko hurrengo asterako finkatu du bilera hitzordu berria; maiatzaren 22, 18:00etan Potxoenean.

Festei lotuta, ez ahaztu, ostiralera arteko (maiatzak 18) epea duzuela, jaietako egitarau diseinu lehiaketan parte hartu edota txupinazorako hautagaiak proposatzeko. Segidan dituzue bi deialdion gaineko xehetasunak. 

Txupinazorako proposamenak

Azken urteon ildo beretik, jaiak abiaraziko dituen suziria, txupinazoa nork jaurtiko duen usurbildarrek hautatuko dute aurtengoan ere. Proposamenak egitera animatzen dute Jai Batzordetik. Zuen ekarpenak helarazteko bi bide dituzue maiatzaren 18ra arte; emailez, kultura@usurbil.eushelbidera idatzita, edo Potxoenean, Sutegi udal liburutegian, Oiardo Kiroldegian edo Usurbilgo Udalean jarriko diren kaxetan utzi ditzakezue.  

Egitarau diseinu lehiaketa abian

Jaien berri ematen digun egitaraua lehiaketa bidez hautatu ohi du Jai Batzordeak. Aurtengoan ere hala egingo dute. Martxan da jada, Usurbilgo jaietako egitarau diseinu lehiaketa. Parte hartzeko bete beharreko baldintzak ohikoak dira, gogora ditzagun:

-Lehiaketa publiko eta irekia da.

-Lanaren ezaugarriak: originala, aurrez argitaratu gabea izan beharko du. Nahi adina lan aurkez daitezke. Euskaraz, neurri librean.

-Lanak aurkezteko modua: euskarri digitalean eta paperean (CD edo prendive batean, PDF formatuan). Lan bakoitza bi gutunazaletan aurkeztu: A gutunean egilearen datuak adierazi beharko dira. B gutunean, diseinu lana. Bi gutunon azaletan, egilearen izengoitia, A edo B kartazala den eta Santixabel egitarauaren lehiaketa adierazi beharko da.

-Parte hartzailea: norbanako edo taldeek aurkeztu daitezke. Taldeen kasuan, talde kide bat izendatuko da lanaren arduradun.

-Egitaraurako testua: Potxoenean edo kultura@usurbil.eushelbide bidez jaso beharko da. Testu horretan oinarrituta sortu behar da diseinu lana, Usurbilgo Udalaren logoarekin.

-Epaimahia: Jai Batzordeko eta diseinu arloan ezagutzen duten bina kideek eta kultura zinegotziak osatuko dute.

-Lanetan hizkuntza eta irudien erabilera ez sexista bermatu behar da.

-Aurkezteko epea eta lekua: maiatzaren 18a baino lehen, udal erregistroan edo postaz helbide honetara bidali: Usurbilgo Udala, Kultura Saila, Joxe Martin Sagardia z.g. 20170 Usurbil

-Saria: 500 euro (txapeldunak, gaztelaniazko bertsio laburtua jasotzen duen tamaina txikiagoko eskuorria maketatu beharko du).

-Argibide gehiagorako: 943 371 999 / kultura@usurbil.eus