"Aniztasun sexualaren alde eta fobia mota guztien aurka lanean jarraituko du Udalak"

Noaua Aldizkaria 2018ko mai. 17a, 10:26

Maiatzak 17 ditu gaur, oraindik desagertu ez den LGTBI+ fobiaren Aurkako Eguna. Oraindik zeregina badela izan eta errealitate horren aurka lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi du Usurbilgo Udalak, sare sozialetan zintzilikatu duen ondoko mezuaren bidez. "Usurbil parekidea helburu, ezinbestekoa da LGTBI+ pertsonek oraindik orain sufritzen duten bazterketarekin amaitzea, eta pertsona guztien eskubideak bermatzea. Aniztasun sexualaren alde eta fobia mota guztien aurka lanean jarraituko du Udalak".

Mobilizazioak ere deitu dira. Usurbildik gertuen Donostian; EHGAM-ek eta Garaipen-ek antolatutakoa ostegun honetarako, 19:30etan Bulebarrean.

Gehitu: "LGTBIfobia errealitate bat da oraindik"

Hala gogorarazi du Gehituk, Euskal Herriko lesbiana, gay, transexual eta bisexualen elkarteak gaurko egunari begira kaleratu duen adierazpenak. Egindako aurrerapenak nabarmenak diren arren, "horrek ez gaitu engainatu behar, LGTBIfobia errealitate bat baita oraindik ere". Adibite moduan aipatzen dute, "gure inguruan oraindik ere badaudela jatorrian sexu-aniztasunaren eta genero-aniztasunaren aurkako gorrotoa eta intolerantzia duten delituak".

Nazioartean, gogorarazten dute, "70 herrialdetako baino gehiagotako zigor-kodeetan instituzionalizatuta dagoela eta zigor-kode horietan genero-orientazio, -identitate eta -adierazpen desberdinen arau errepresoreak biltzen direla. Hori guztia ahaztu gabe herrialdeek gaur egun ere aurreikusten dutela LGTBI kolektiboari heriotza-zigorra aplikatzeko aukera, baita kolektibo horrek herrialde askotan aurre egin behar dien gorroto-krimen kontaezinak ere". Horren erakusgarri, errealitate latz horretatik ihesi, hainbat herrialdeetan ugaritzen ari diren asilo-eskaerak. 

Gehituk dei egin du gaurko eguna balia dadin, "LGTBI+ kolektiboari eragiten dioten arazoak agerian jartzeko tresna gisa aldarrikatzeko, berdintasunaren eta sexu-aniztasunarekiko eta genero-aniztasunarekiko errespetuaren alde hartzen dugun konpromisoa berretsiz".  Gehitu-ren adierazpen osoa, hemen: gehitu.org 

Berdindu: "LGTBIfobia ez da desagertu"

Eusko Jaurlaritzaren Berdindu, Familia Politika eta Aniztasunerako sailak ere adierazpena argitaratu du. Gaurkoa, gogorarazten duenez, "egun bereziki esanguratsua da, kolektiboaren eskubideak aldarrikatzen dituzten eta haren aurkako bazterkeria borrokatzen duten ekimenen ikurra".

Aurrerapausoak eman dira bai, baina ohartarazten dutenez, "ez gaitezen, ordea, engainatu: LGTBIfobia ez da desagertu". Gure inguruan, "ez dugu ahaztu behar gurean ere ez direla desagertu aniztasun sexual eta generozkoaren aurkako delituak". Adibide moduan aipatzen dituzte honakoak. "Komeni zaigu gogoratzea oraindik ere bizirik daudela gurean aurreiritzi sexualak, eta haien ondorioz sailkatu eta zokoratu egiten ditugula pentsamolde heteroarautzailetik aldentzen diren sexualitateak, ez dela amaitu trans kolektiboaren patologizazioa, ez direla desagertu LGTBIen kontra diharduten erakunde atzerakoi amorratuak, desagertu ez diren bezala jokaera homofobikoak gure ikastetxeetan. Guztiz ikusgai agertzen ez diren bitartean lesbianek ez dutela legitimitate sozial osoa eskuratuko, ez dutela beren eskubideak askatasunez baliatzerik izango, beldurgarri dela nola ari den zabaltzen LGTBIfobia sare sozialetan...". 

Honi erantsi behar zaio, "kolektiboak mundu zabalean bizi duen egoera gorria. Ez dezagun ahaztu LGTBIfobia gorrotoaren agerbide zabalduenetako bat dela, eta badirela 70 herrialde baino gehiago kode penalean jasota dutenak, genero-aniztasunaren aukera, identitate eta adierazpide oro berariazko arauekin erreprimitzeko, eta badirela, izan, LGTBI kolektiboa heriotza-zigorrarekin mehatxatuta dagoen herrialdeak ere, edo beste askotan ezin konta ahala direla pertsona hauen aurkako gorroto-krimenak".

Berdinduren adierazpena osorik hemen: euskadi.eus