Sorturen larunbateko Bilboko "Baietza sortzen" ekitaldirako autobus zerbitzua Usurbildik

Noaua Aldizkaria 2018ko mai. 17a, 09:51

Sortuk ‘Baietza Sortzen’ ekitaldi nazionala egingo du larunbatean (maiatzak 19) Bilboko Miribillako Bilbao Arenan, “ireki berri den aro berriari bultzada emateko”. Arratsaldeko 17:30ean hasiko da ekitaldia. Usurbildik Bilboko hitzordura joateko autobusa antolatu du Usurbilgo Sortuk. 15:00etan abiatuko da, Oiardo Kiroldegi paretik. Izena emateko zerrendak, ohiko tabernetan. Ekitaldi jendetsu honetara joateko deia egin du Usurbilgo Sortuk. "ETAren amaieraren ondoren irekitako aroari ekiteko, jarraituko dugu. Borrokarako konpromisoa eta ilusioa eraberrituko dugu ezker abertzaleko kideok".

Etorkizuneko konpromiso eta ilusioak eraberritzeko deia

ETA desagertu ostean, herri honen askapen prozesua aro berri batean kokatu dela nabarmentzen du Sortuk. "Egindako lana gogoan, ezker abertzaleko gizon eta emakumeok etorkizun berri hori eraikitzeko gure konpromisoa berresten dugu".

Sortu-ren esanetan, "etorkizun horrek elkarbizitza eredu demokratikoan oinarrituta egon beharko du eta Euskal Herria demokratizatzeko pertsona guztiek eskubide guztiak izan beharko dituzte. Horrez gain, herri honek bere etorkizunari buruz galdetua izateko eskubidea ere izan beharko du".

Etorkizuneko konpromiso eta ilusioak eraberritzera deitzen ditu Sortu-k, ezber abertzaleko gizon-emakumeak. Eta bide horretan, larunbateko Miribillako "Baietza sortzen" ekitaldi jendetsura joatera. Munduko zenbait askapen mugimenduetako ordezkariak izango dira bertan, "hala nola, Sinn Fein eta Corsica Liberako zuzendaritzetako kideak". 

https://twitter.com/usurbilsortu/status/996457817828724736