Erraustegiari buruzko eztabaida eman dezaten eskatzeko 10.000tik gora sinadura aurkeztu dituzte EITB-n

Noaua Aldizkaria 2018ko mai. 17a, 20:07

Erraustegiaz EITB-n eztabaidatzea, Zubietan eraikitzen ari diren plantari buruzko eztabaida teknikoa telebista publikoak ematea eskatzen zutenen milaka sinadura, Miramongo egoitzara heldu dira ostegun arratsalde honetan. Iragarri moduan, Errausketaren Aurkako Mugimenduak deituta 18:00etan hasita, "Eztabaida teknikoa, informazio eskubidea" aldarripean EITB atarian egin duten elkarretaratzean izan da. Aipatu mugimenduko bi ordezkari EITB-ren Miramongo ordezkari batekin bildu dira. Azken hilabeteotan change.org atarian bildu dituzten 10.000 sinadura baino gehiago aurkeztu dituzte eta  erraustegiari buruzko eztabaida ematea eskatu dute. 

Sinadurak EITB-n aurkeztu eta mobilizatzeko egun sinbolikoa hautatu du Errausketaren Aurkako Mugimenduak; maiatzaren 17 hau, Birziklatzearen Nazioarteko Eguna baitugu. Aurreikuspenak gaindituta, azkenean 10.000 sinaduratik gora bildu dituzte, gaur arratsaldeko elkarretaratzean irudikatu duten moduan."Zorionak guztioi! Helburu guztiak gaindituta, 10.000 sinadura baino gehiago lortu ditugu. Gizarteak erraustegiaren eztabaida teknikoa exijitzen du", gogorarazi dute sare sozialen bidez.