Asier Zubiriak eta Haimar Zubeldiak abiatuko dute 37. Sagardo Eguna

Noaua Aldizkaria 2018ko mai. 20a, 10:14

Herri honetan sortu, hazi eta Usurbili une pozgarri eta ahaztezin ugari eman dizkioten bi kirolari handiek izango dute, Usurbilgo 37. Sagardo Eguna hasteko ohorea; Haimar Zubeldia Agirrek eta Asier Zubiria Aierbek. Bata txirrindularia, bestea eskubaloi jokalaria. Urteak eman dituzte maila profesionalean lehiatzen. Azken hilabeteotan biek erretiratzea erabaki dute.

Sagardo Egunaren Lagunak taldeak bi kirolariok hautatu ditu usurbildarren jai egun kuttunena abiatzeko. Zer hobeto, herriaren partetik merezi duten agur eta errekonozimendua Sagardo Egunaren hasieran egitea baino? Hurbildu igande goizeko 11:30etan frontoiko oholtza ondora. Haimar eta Asierrekin batera hasiko dugu aurtengo sagardo festa. Usurbildarren egun handiaren bezperetan, elkarrizketa bana eskaini diote hedabide honi.

Hala tokatu da. Hilabete gutxiko tartean, bigarrenez egokituko zaio Haimar Zubeldiari frontoiko oholtzara igotzea. Oraingoan, usurbildarrontzat bereziena den 37. Sagardo Egunari hasiera emateko ohorea izango du. Bitan pentsatu gabe esan dio Haimarrek baietz, antolatzaileen gonbitari. Lerrootan elkarrizketatu dugu.

NOAUA! Erretiratu ostetik hilabete batzuk igaro dira. Egokitzapen fasea igaro duzu?

Haimar Zubeldia: Uste baino hobeto. Zer egin nahi nuen eta zer aukera zeuden ikusteko, kokatzeko, urte bukaerara arteko epea eman nion neure buruari. Ideiak argitu nituen eta hor nabil. Ahal dudan guz- tietan bizikletan ibiltzen jarraitzen dut, nahi dudalako eta osasunarentzat ona delako jarraitzea. Fisikoki bihotz handia egina dugu eta pixkanaka jaitsi behar da. Mundu honetan jarraitu nahi nuen eta hor nabil.

Urratsak eman dituzu. 

Trek markarekin akordio bat dut. Mendiko nahiz errepideko probak egiten nabil. Ekitaldietara joaten naiz baita, aste honetan Galizan egon behar dut, denda berri bat irekiko baitute. Beti harreman handia izan dudan Etxeondo bizikletako arropa marka ere laguntzen nabil. Giroko irteeran Jerusalemen 3 egun egon nintzen beraiekin. Bada World Tourrean beste talde bat Etxeondo marka erabiltzen duena. Orain alde honetan aportatu egiten dudala ikusita gustura nago. Ez dut lehen bezala bidaiatzen, etxean gehiago nago eta oso gustura.

Azaroko herri omenaldi hunkigarritik pasa dira hilabete batzuk. Oroitzapen gozoa gordeko duzu?

Dudarik gabe. Aktiboan zaudenean jasotzen duzu tarteka jendearen hurbiltasuna, baina ibilbide bukaeran, handitu egiten dira sentimendu horiek. Benetan egun horrekin oso eskertua sentitu nintzen. Ez dakit hainbeste merezi nuen baina erabat eskertzen diot Usurbilgo herriari, maitatua eta 20 urteetan egin dudan lanaren atzean jendea hor egon dela sentitu nuelako batez ere.

Nola jaso duzu, usurbildarrentzat hain berezia den egun honi hasiera emateko aukera hau izatea?

Ohore bat da. Usurbildarrentzako egun handia izaten da, kasik urteko festak baino garrantzitsuagoa. Era normal batean kontaktatu zuten nirekin. Ia gustatuko litzaidakeen eta segituan esan nuen baietz. Gustu handiz joango gara.

Beste kirolari usurbildar batekin partekatuko duzu oholtza, Asier Zubiriarekin. Neurri batean, identifikatua sentituko zara berak erretiratzeko eman duen urratsarekin?

Dudarik gabe. Bistaz ezagutzen dut baina ez dugu izan urteotan kontakturik. Hala suertatu da eta gustu handiz partekatuko dugu ohore hau. Erretiroagatik orain tokatuko zaidalako bizipenok bizitzea, agian horregatik gehiago fijatzen naiz eta identifikatua sentitzen naiz pertsona hauekin. Halako gertutasuna sortzen da, egoera berean zaudelako eta elkar ulertze hori badago.

“Badut koadrilakoekin egoteko gogoa”

NOAUA! Sagardo Egunaz gozatzeko aukera izango duzu aurten, ziurrenik aspaldiko partez. Ezinbestean, hainbat ediziotan egoterik ez baitzenuen izango.

Haimar Zubeldia: Ez dakit azken aldiz noiz egongo nintzen. Konturatu, data hauetan beti normalean Ameriketan Californian izaten nintzen, lasterketa hori ia finkoa izaten zen neure egutegian.

Gogoan duzu ospatu zenuen zure azken Sagardo Eguna?

Duela 20 bat urte izango zen. Ez dut oroitzen.

Garai hartako Sagardo Egunak nola ospatzen zenituen?

Lagunekin eguerdi partean plazan buelta hori ematen genuen. Bazkariren bat beti izaten zen, batez ere gozatzeko egun bat. 

Berezia izango da beraz aurtengoa zuretzat, ez bakarrik irekieragatik, aspaldiko partez Sagardo Egunaz gozatzeko aukera izango duzulako?

Familian joango gara. Badut koadrilakoekin egoteko goog. Ondo ibiliko gara, eguerdi partean plazatik eta gero bazkariren bat egin beharko dugu.

Zure etapa berri honetako lehen txotx denboraldia amaitu berri da. Sagardotegietatik osteratxoa egiteko egiteko aukera izan duzu?

Kasualitatea, atzo bertan Pirinioetan dugun 21 kideko lagun taldearekin Asteasuko Sarasolan izan ginen. Ederki pasa genuen. Duela hilabete Astigarraga aldean izan ginen. Urte guztiotan “galdu” ditudan gauzak egiten saiatzen ari naiz. Lagunekin elkartzeko aitzakia ere bada. Bizirik dagoen ohitura dela ikusten da.

Sagardo on batek zer behar du zuretzat?

Gozo puntua duten sagardoak ditut gustuko. Azkenean edan errazagoak egiten zaizkit.

Zergatik ez dugu galdu behar aurtengo Sagardo Eguna?

Batipat jada Usurbilen sustraiak oso sakonduak dituen festa eguna delako eta egun ederra pasako dugulako. Ia eguraldia portatzen zaigun.

Asier Zubiria Aierbe: “Igande polita pasako dugu”

NOAUA! Igandean Sagardo Eguneko irekiera ekitaldian hartuko duzu parte. Haimar Zubeldiarekin batera, jaiari hasiera emateko ohorea izango duzu. Horrelakorik espero al zenuen?

Asier Zubiria Aierbe. Orain dela aste batzuk deitu ninduten eta ezin ezetz esan. Usurbildarrentzat urteko egunik kuttunena da eta horregatik ohore handi bat izango da niretzat. Ondoan Haimar Zubeldia bezalako kirolari bat izanda, are handiagoa. Oso pozik eta oso eskertua nago.

Ez zenuen horrelakorik espero.

Egia esan, ez. Azkenaldi honetan gauza asko pasatzen ari dira nire inguruan. Omenaldiak, ekitaldiak... Sagardo Eguna urruti ikusten nuen eta ez nengoen horretara jarria. Gainera nire burua ez nuen horrelakoetan ikusten. Baina proposatu zidatenean, ederra iruditu zitzaidan. Eta pozgarria.

Aurtengoa, beraz, ezberdina izango da zuretzat.

Azken urteotan beti izan naiz Sagardo Egunean. Kanpoan jokatzen aritu nintzenean ezin etorri ibili nintzen, baina azken zazpi urteotan beti izan naiz Sagardo Egunean eta oso gustura ibili naiz. Egun oso polita izaten da. Aurtengoa berezia izango da, bai. Hasierako une hori ezberdina izango da baina gero festan murgilduko gara denak eta berdintsu gozatuko dugu. Familiarekin eta lagunekin batera igande polita pasako dugu.

Orain arte, nola ospatu izan duzu Sagardo Eguna?

Azken urteotan saiatu naiz hasiera hasieratik ez ateratzen, bestela eguna luze egiten da. Eguerdian atera eta arratsaldera arte festa giroan ibiltzen gara. Izan dira gehiago luzatu izan diren egunak ere... Ederki pasatzen dugu.

Taldekideak ekarri al dituzu inoiz?

Sagardo Egunaren berri badute. Aldagelan beti hitz egin diet egun honi buruz. Aurten, baten bat animatuko dela uste dut.

Denboraldia amaitzear den heinean, zure agurra ere gero eta gertuago dago.

Asier Zubiria Aierbe. Asobal Liga asteburu honetan amai- tuko da eta hurrengo asteburuan Euskal Kopako lauko nala jokatuko dugu.

Ofizialki, beraz, asteburu honetan bukatuko duzue liga.

Hori da. Guk etxean amaituko dugu. Larunbat honetan arratsaldeko 17:00etan, Puerto Sagunto valentziarren aurka.

Eskerrak azkena etxean egokitu den eta ez Valentzian, ezta?

Beste urte batzuetan kanpoan jokatzea tokatu izan zait baina gauez bueltatu eta iganderako hemen izan naiz, Sagardo Egunean.

Bi hitzordu garrantzitsu dituzu asteburu honetan: la- runbatean partida eta igande eguerdian Sagardo Eguneko irekiera ekitaldia.

Fuerte dator asteburua, bai.

Aztoratu samar ibiliko zara honez gero.

Oraingoz lasai nabil baina larunbatean azken partida jokatuko dut Artalekun. Egun berezia izango da. Eta hurrengo egunean, Sagardo Eguneko irekiera ekitaldian egon behar dut. Baina igandekoa festa giroan joango da eta errazagoa izango da niretzat.

Zaletuena ez ezik, etxekoen berotasuna ere sentituko duzu larunbatean Artalekun, ezta?

Lagunak eta koadrilakoak, Usurbildik jende dezente etortzekoa da.