Pentsioei buruzko herri asanblada deitu dute jubilatu elkarteek ostegunerako

Noaua Aldizkaria 2018ko mai. 22a, 09:37

Aginagako Arrate, Santueneko Gure Elkartea eta Usurbilgo Gure Pakea jubilatu elkarteek pentsioen inguruko herri asanblada deitu dute ostegunerako, maiatzaren 24an 18:30etan Sutegin. Donostiako Jubilatuen Asanbladako kide Marian Esnaolak parte hartuko du hitzorduan. “Hator!”, luzatu diete deitzaileek gonbita herritarrei.

Manifestazioa hilaren 26an

Azken hilabeteotan astelehenero mobilizatzen dira hainbat herri eta hirietan. Manifestazio jendetsuak egin dituzte. Eskari argi bat plazaratzen ari dira; duintasunez bizi ahal izatea eta horretarako pentsio duinak izatea, kolektibo honentzat negoziaezina den eskubidea. Kideok biltzen dituzten elkarte ezberdinek, Pentsionistak Martxan, Duintasuna Elkartea, Arabako Pentsionistak Lanean eta Pentsionistak Aurrera eragileek manifestazioak deitu dituzte larunbaterako (maiatzak 26) hiriburuetan. “Bizitza duina, kalitatezko lanpostuak, pentsio duinak izateko eskubideak, ez dira soilik pentsiodunon aldarrikapenak izan behar. Horregatik, dei egiten diogu euskal gizarte osoari (gazte, emakume, langile, langabetu, autonomo…) maiatzaren 26an Hego Euskal Herriko hiriburuetan egingo diren manifestazioetan parte har dezaten”.

PENTSIODUNEN ELKARTEEN ADIERAZPENA 

Pentsio duinaren eskubidea ez da negoziatzen, baliatu egiten da

Baten batek zalantzarik bazuen, argi geratu da borrokatzeak merezi duela. Mobilizazioen bitartez, pentsiodunok lortu dugu gure arazoa agenda politikoan eta aurrekontuen negoziazioan sartzea. Ala eta guztiz ere, EAJk eta PPk adostutakoak ez ditu pentsiodunen eskaerak asetzen, nahiz eta akordioaren protagonistek, etengabe, bere lorpenaren ondasunak hedabideetatik kaleratu.

Akordio horren arabera ez dago inongo bermerik, hemendik aurrera gure pentsioen igoera KPIaren araberakoa izango dela esateko, izan ere, onartutakoak dioenez, soilik 2018 eta 2019rako igoerak aipatzen ditu. Nafarroako eta EAEko RGIaren bitartez osatzen diren pentsioek ez dute igoerarik izango. Sostengarritasun faktorea ez da ezabatzen, 2023ra atzeratzen da.

Eskaintzen dituzten apurrekin, pentsiodun askoren egoera bere larritasunean uzten dute. 3 pentsiodunetik batek, gutxieneko soldataren azpitik kobratzen du eta pentsiodunen %52ak 1.000 euro baino gutxiago, nahiz eta Nafarroa eta EAEko biztanleriaren %24a osatzen dugun kolektiboak, bertan sortutako aberastasunaren %10 soilik jaso.

Datu hauek argi adierazten dute aberastasunaren banaketa oso injustua dela eta horrek, bereziki, emakumeak zigortzen ditu, izan ere, beraien pentsioak, gizonenak baino %70 baxuagoak dira.

Pentsio duin bat jasotzeko eskubidea ezin dugu alderdien arteko negoziazio politiko batean bihurtu; gure pentsioak ezin dira alderdi politikoen eztabaidetarako txanpon baten truke izan.

Adostutako akordioan ez dugu inongo bermerik ikusten, aldarrikatzen dugun Pentsio Sistema Publikoa, errealitate bihur dadin.

Horregatik berriro ere aldarrikatzen dugu:

-Pobrezia gainditze aldera, gutxiengo pentsioa 1.080 eurokoa izatea, Europako Gutun Sozialaren irizpideak jarraituz.

-Pentsioen igoera, betidanik izan behar zuenaren araberakoa izatea, hau da, bizitza-garestitzearen neurrikoa.

-Emakume eta gizonen pentsioen arteko arrakala gainditzea.

-Pentsioak gutxitu eta pribatizatu eta lana prekarizatzen duten pentsio eta lan-erreformak, ezabatzea.

Instituzioei exijitzen diegu gure aldarrikapenak, legez, berma ditzaten eta Pentsio Sistema Publikoa ziurtatze aldera, beharrezko neurriak har ditzaten.

Hori guztia kontuan hartuta, pentsiodun guztioi dei egiten diegu, asteleheneroko herri, hiri eta eskualdeetako elkarretaratzeak mantenduz eta indartuz, borrokan jarrai dezaten, eta datorren maiatzaren 5eko eta 26ko manifestazioekin hiri nagusietako kaleak betetzeko ahaleginak egin ditzaten.

Bizitza duina, kalitatezko lanpostuak, pentsio duinak izateko eskubideak, ez dira soilik pentsiodunon aldarrikapenak izan behar. Horregatik, dei egiten diogu euskal gizarte osoari (gazte, emakume, langile, langabetu, autonomo…) maiatzaren 26an Hego Euskal Herriko hiriburuetan egingo diren manifestazioetan parte har dezan.

Soilik egiten diren borrokak irabazten dira. Irabaziko dugula esperantzarekin.

Pentsionistak Martxan, Duintasuna Elkartea, Arabako Pentsionistak Lanean, Pentsionistak Aurrera