Euskararen erabilera suspertzeko azaroaren 23tik abenduaren 3ra iragarri den Euskal Herri mailako ekimenarekin bat egina du Usurbilek; Euskaraldiarekin alegia. Prestaketa lanak abian ditu, zeregin honetarako herri eragile ezberdinetako ordezkariek eta herritarrek osatua duten batzordeak. Ekimena udalerri honetan diseinatzen segitzeko batzar irekia deitua asteazken honetarako (maiatzak 23) 18:00etan Potxoenean.
Honatx luzatu duten gonbita. "Usurbilen euskararen egoera hobetzeko zerbait egin nahi duzu? Aukera ederra duzu galdera horri baiezkoa emateko. Izan ere, dagoeneko jakingo duzun bezala, aurten Euskaraldia egingo dugu Euskal Herrian zehar. Ekimen honen helburua euskararen erabilera aktibatzea da, eta Usurbilen dagoeneko batzordea sortu da. Maiatzaren 23an, asteazkenean, Potxoenean bilera egingo dugu arratsaldeko 18:00etan eta zuk ere parte hartzea nahiko genuke. Zatoz gurekin Euskaraldia prestatzera!".
Milaka lagun lanean
Beste herri eta hiri askok bezala, Euskaraldirako izena emana du jada Usurbilek. Euskal Herriko ondoko mapan ikus dezakezuenez, ugaritzen doaz atxikimenduak. "Gaur-gaurkoz milaka lagun ari dira, Euskal Herri osoan, batzordeak sortzen eta ekimena prestatzen", irakurri dugu euskaraldia.eus atarian.
Egutegia
-Apirila-maiatza: mintegiak lurraldeka, herrietako batzorde kideei lanerako trenak eta baliabideak eskaintzeko.
-Euskaraldian parte hartuko duten "ahobizi" eta "belarriprest" guztientzako prestakuntza saioak eskainiko dituzten lagun sarearen osatzea eta haientzako prestakuntza ikastaroak lurraldeka.
-Irailetik aurrera, Euskaraldian parte hartu nahi duten "ahobizi" eta "belarriprest" guztientzako izen ematea.
-Euskaraldia: azaroaren 23tik abenduaren 3ra.