Maiatzaren 11rako iragarria zegoen pilota jaialdia ostiral honetan

Noaua Aldizkaria 2018ko mai. 22a, 08:00

Pilotarietako baten lesio bat tarteko, maiatzaren 11rako Usurbilgo frontoian Garfe pilota enpresak iragarria zuen pilota jaialdia atzeratu egin zuten bi astez. Ostiral honetan, maiatzaren 25ean ospatuko da, aurreikusia zegoen ordu eta toki berean (19:00etan Usurbilgo frontoian).

Sarrerei lotutako oharrak. Maiatzaren 11rako sarrera erosia zenutenok, ondo gorde; maiatzaren 25eko jaialdirako erabili ahalko duzue eta. Aldiz sarrera erosia izan eta hilaren 25eko jaialdira joaterik ez duzuenok, txartela itzuli ahalko duzue.

Pala eta pilota jaialdia

Maiatzeko azken ostiral horretan, pilota jaialdi baten lekuko izango da Usurbilgo frontoia. Pala eta pilota jaialdia antolatu du Garfe enpresa pilotak. Bere pilotari taldean du usurbildar bat, Xabier Santxo Sagardia. Neurketetako batean, binaka eskuz lehiatuko da Santxo Gorrotxategirekin batera, Xala-Santxez bikotearen aurka. Emakumeen arteko pala partida ere jokatuko da, Larrarte-Maiza eta Balerdi-Arrillaga bikoteen artean. 

Jaialdiaz gozatzeko sarrerak salgai dituzue 9 eurotan, Aitzaga eta Txiriboga tabernetan. Egunean bertan 12 eurotan eskuratu ahalko dira, haurrenak 5 eurotan.