2018-19 ikasturterako matrikulazio epea zabalik Zumarte Musika Eskolan

Noaua Aldizkaria 2018ko mai. 22a, 08:50

Aste hasieratik zabalik da 2018-19 ikasturterako izen-ematea Zumarte Musika Eskolan eta maiatzaren 25era arte egongo da bertan matrikulatzeko aukera. Aurten bi modutara egin ahal izango da. On-line, musika eskolaren web orriaren bitartez edota Zumarte Musika Eskolaren bulegora bertaratuz:Online:

-Inprimakia zumarte.eus helbidean on-line bete eta bidali.

Bulegoan:

Inprimakia bulegoan jaso, eskuz bete eta musika eskolako bulegoan entregatu (Puntapax 10, behea).

Ikasgaiak:

-Musika txokoa, musika mintzaira, helduentzako musika mintzaira, tronpeta, tronboia, saxofoia, bonbardinoa, biolina, biola, perkusioa, klarinetea, eskusoinua, trikitixa, panderoa, pianoa, txistua, gitarra, flauta, organoa, teknika bokala, abesbatza eta talde instrumentalak.

Gutxieneko adina:

-4 urte.

Matrikulazio datak: Maiatzak 21-25.

Ordutegia:

-Goizez (asteartea eta osteguna): 10:30-12:30.

-Arratsaldez (egunero): 16:30-19:00.

Informazio gehiago:

Puntapax 10, behea

943 371 594

www.zumarte.eus

Lankidetza hitzarmena

Maiatzaren 17an Potxoenean ateratako ondoko irudian, Usurbilgo Udaleko alkate Xabier Arregi eta Zumarte Musika Eskolako lehendakari Agurne Alkorta lankidetza hitzarmena sinatzen. Maiatzaren 10eko saioan, Usurbilgo Udalak eta Zumarte Musika Eskolak 2014an 4 urterako sinatua zuen hitzarmena berritzea onartu zuen aho batez Usurbilgo Udaleko udalbatzak hilabete hasieran. Hitzarmenak, musika eskolak jasoko duen diru-laguntza erregimena eta prekarioz utzitako lokalen erabilera arautzen du. Diru-laguntzei dagokienez, urtero 50.000 euro ematera konprometitzen da Udala, musika eskolaren aurrekontuaren %33ko ekarpena egingo du honenbestez. Gainerako laguntza, Eusko Jaurlaritzatik eta musika eskolako erabiltzaileek ordaindutako kuotetatik jasotzen dute (bakoitzaren ekarpena %33koa da). Zumarte bere aldetik, Usurbilgo Udalerrian, eta, bereziki, Usurbilgo biztanleriaren artean, musika irakaskuntza sustatzera.

Hitzarmen berritu honek, lokal baten baino gehiagoren lagapena arautuko du, dakizuenez, ikasturte hasieratik behin behinean, herriko egoitza ezberdinak baliatzen ari baitira Zumartekoak, Kale Nagusiko Villa Pilar eraikineko birgaitze lanak amaitu artean. "Hitzarmenaren iraupena Zumarte Musika eskolaren egoitzaren obrak amaitu eta ekipatu ondoren erabiltzen hasten den artekoa izango da, 2019-2020ko ikasturtea aurre ikusten delarik, hala ere gehienez ere lau urtekoa izango da".

Hitzarmen honen bidez, "Zumarte Musika Eskolak, Usurbilgo biztanleriari dagokionez, musika arloan egon daitezkeen beharrei edo hutsuneei erantzuteko ikastaroak eskainiko ditu. Horrez gain, Musika Eskolak herriari urtean bi ekitaldi eskaintzeko konpromisoa hartuko du. Bestetik, herrian gauzatzen diren hainbat ekimenetan ahal duen neurrian, parte hartzeko konpromisoa adierazten du". Udalak bere aldetik, "Musika Eskolaren bitartez musika zaletasuna bultzatu nahi du herriko haurrengan eta, horregatik, Udalaren nahia da ikasleen gehiengoa herritarra izatea. Ikasle guztiak usurbildarrak ez badira ere, herritarrek lehentasuna izango dute".

Birgaitze lanetarako eskaintza onena izendatua

Zumarte Musika Eskolaren birgaitze lanak hastetik hurbilago gaude maiatzaren 10ean udalbatzak egin zuen ezohiko osoko bilkuraren ostean. Obren kontratazio esleipen deialdira aurkezturiko eskaintza bakarra, Construcciones Moyua SL-k eginikoa izendatu dute eskaintza onena gisa. Udalbatzak aho batez onarturiko erabaki honen ostean, 10 eguneko epea du aipatu enpresak, beharrezko dokumentazioa aurkezteko eta dagokion bermea, esleipenaren %7a (114.615,98 euro) ordaintzeko. Guztia aurreikusi bezala badoa, aipatu enpresak urrats hau egoki betetzen badu, hurrengo osoko bilkuran aipatu enpresa honi esleituko lioke udalbatzak, musika eskolaren birgaitze lanak gauzatzeko obren kontratua.

Construcciones Moyua SL-k aurkezturiko eskaintzak beharrezko baldintza guztiak betetzen dituela adierazi zuen aurreko asteko osoko bilkuran, Xabier Arregi alkateak. Guztira, 1.981.219 euroko proposamen ekonomikoa aurkeztu du. Lanotarako aurrekontuarekin alderatuta (1.998.998,78 euro) %0,89ko jaitsiera planteatu du. Finkatutako bermeak gainditzen ditu aipatu eskaintzak. Bestalde, Moyuaren eskaintzak Gipuzkoako eraikuntza sektoreko hitzarmen kolektiboak finkatzen dituen baldintzak hobetzen ditu. Xehetasun gisa, udal gobernu taldetik berri eman zutenez, zenbait lan zehatzetarako, geotermia instalakuntzarako, musika eskolaren eraikina intsonorizatzeko, egur lanketa berezi bat bideratzeko eta teilatu berdea eraikitzeko, enpresa espezializatuak kontratatuko dira.