Usurbilgo jaien prestaketa lanak azken txanpara heltzear dira. Egutegiari begira, hilabete eta erdi baino ez baita falta, herri hau festa giro betean murgiltzeko. Jai Batzordeak antolaketa lanekin segitzeko astearte honetarako finkatu du bilera hitzordu berria; maiatzaren 22, 18:00etan Potxoenean.
Festei lotuta, ostiralera arteko (maiatzak 18) epea zegoen, jaietako egitarau diseinu lehiaketan parte hartu edota txupinazorako hautagaiak proposatzeko.
Txupinazorako proposamenak
Azken urteon ildo beretik, jaiak abiaraziko dituen suziria, txupinazoa nork jaurtiko duen herritarrek hautatzeko aukera zuten aurten ere. Ekarpenak helarazteko bi bide zeuden maiatzaren 18ra arte; emailez, kultura@usurbil.eushelbidera idatzita, edo Potxoenean, Sutegi udal liburutegian, Oiardo Kiroldegian edo Usurbilgo Udalean jarriko kaxetan. Ekarpen mordoa egon da. Laster erabakiko du Jai Batzordeak nork izango duen jaiak abiatzeko ohorea.
Egitarau diseinu lehiaketa
Jaien berri ematen digun egitaraua lehiaketa bidez hautatu ohi du Jai Batzordeak. Aurtengoan ere hala egingo dute. Martxan izan da asteotan, Usurbilgo jaietako egitarau diseinu lehiaketa. Lanak aurkezteko epea maiatzaren 18an itxi zuten. Jai Batzordeko eta diseinu arloan ezagutzen duten bina kideek eta kultura zinegotziak osatuko duten epaimahaiak du orain azken hitza. Sarituaren eta aukeraturiko diseinuaren berri ekaina amaieran jasoko dugu.