Iragarri bezala, herriko bi kirolari izan dira Sagardo Eguneko irekiera ekitaldiko protagonistak: Haimar Zubeldia txirrindularia eta Asier Zubiria eskubaloi jokalaria. Biek oraintsu eten dute ibilbide profesionala. 11:30ean igo dira frontoian ipini duten oholtza gainera.
Haimar Zubeldia: “Gure gurea dugun egun bat da”
Egun berezia izango dela aitortu du San Estegango txirrindulariak. “Huts egin dut hainbat urtetan baina deitu zidatenean segituan esan nuen baietz. Ohore bat da usurbildarrentzat, gure-gurea dugun egun bat da, herritarrekin batera disfrutatzeko. Eta horretara etorri naiz”.
Asier Zubiria: “Sagardoa edan beldurrik gabe, ona da-eta”
Asier Zubiriak atzo partida zuen Bidasoa eskubaloi taldearekin. “Zoragarria izan zen atzoko eguna. Azken partida nuen etxean, Artalekun. Eta espero dut gaurko egunarekin asteburua borobiltzea eta denak elkarrekin gozatzea. Sagardoa edan bildurrik gabe, ona da-eta!”.
Sagardo botila bana ireki eta lehen tragoa hartu ondoren abiatu da aurtengo Sagardo Eguna.
Egurrezko ontzian egindako sagardo onenaren bila
Irekiera ekitaldia eta gero, dastatzaileek txanda da. Usurbilgo Herriko Etxea sariaren bigarren edizioa hasi da eta egurrezko ontzietan egindako sagardo onena zein den deliberatu behar dute.