Erromeria giroak bereganatuko du igandean Artzabal gunea. Trikiti doinuen erritmora, dantza egiteko aukera ezinhobea izango da maiatzaren 27an, Artzabal jatetxeak, Guria tabernak eta Laukote kafetegiak antolatuta. Igande arratsaldeko 18:30ean hasita, Ttipika Dantza Gidatuak taldeko bi kide ariko dira dantza giroa sustatzen, aipatu hiru ostalaritza guneok biltzen dituen ingurunean. Manex Torrealdai trikitilariarekin eta Maitane Arteaga pandero jolearekin, arratsalde pasa ederra iragarri dute lau egun barrurako.
Dantza Eguna girotu zuten
Azken bi Dantza Egunak girotu dizkigute, eta jendea aspaldi ikusi ez bezala, dantzara, plazara animatu dute. Aurtengo denboraldia apirilaren 21ean ospaturiko 6. Dantza Egunean abiatu zuen Ttipika Dantza Gidatuen Taldeak. Laster bueltan izango ditugu Aitor Agirre (dantza emanaldiko gidaria), Maitane Arteaga (abeslaria eta pandero jolea), Manex Torrealdai (trikitixa eta kaxa flamenkoa), Aitor Huizi (biolina) eta Josu Furundarena (kitarra).
Sare sozialen bidez iragarri dutenez, larunbat honetan, maiatzaren 26an Donostian izango dira, ekainaren 3an Ermuan, eta gero adi; ekainaren 9an Usurbilen Udarregi Ikastolaren 50. urtemugako jaialdian, eta hilaren 24an Kalezarko jaietan.