600 lagun izena emanda jada, baina 1.000tik gora beharko dira ekainaren 10eko giza katerako

Noaua Aldizkaria 2018ko mai. 23a, 12:19

“Zu ezinbestekoa zara, ez pentsatu besteak egongo direlako zu ez egoteak axola ez duenik. Beharrezkoa zara”.  Mezu argi honekin ekainaren 10ean Usurbil eta Aginagatik igaroko den giza katean parte hartzera animatzen gaitu Usurbilgo Gure Esku Dagok. Dagoeneko 600 herritarrek eman dute izena, baina gutxienez 1.000 lagun beharko dira. Ahalik eta azkarren izen ematera deitzen digute, prestaketa lanak errazte aldera, “dimentsio handiko ekimena izango baita”.

Antolaketa lanetan parte hartzeko deia egin dute baita, eta horretarako izen ematera. Jendea beharko baita ekainaren 10ean, errepidea zaintzeko esaterako. N-634 errepidetik igaroko baita giza katearen zati handi bat. Errepidea ez dute itxiko, honenbestez giza katerako erreil bat baliatuko da. Trafikoa bideratzen laguntzeko, Usurbilgo lurretatik igaroko den giza kate zati osoa edota Buruntzaldeko gainerako herrietatik etorriko diren herritar eta autobusen joan etorria kudeatzeko, bolondresak beharko dira.

Ekainaren 10ean askok berrituko duela lau urte, Uharte Arakilen bizi izan genuena. 900 bat usurbildarrek eman zioten elkarri eskua erabakitze eskubidearen alde, orduko hartan. “Hara joan ez ziren lagunak ditugu eta pena handiz bizi dute hori. Animatu, ekainaren 10ekoa, gero denok gogoan izango dugun egun bat izango baita”, iragarri dute Usurbilgo Gure Esku Dago taldetik.

“Hormak botatzen lagundu du”

Duela lau urteko mobilizazio hark inflexio puntua eragin zuela aipatu digute. “Horma batzuk botatzen lagundu du”. Bai herritar zein eragileen artean. Denborarekin, besteak beste, egun erabakitze eskubidearen gaia presente egotea ekarri du, eta hau gaur egun, “Gure Esku Dago gabe ezingo litzateke ulertu”. Bide honetan mugarri garrantzitsua finkatu zuen baita, iazko maiatzeko galdeketak. Herritarrek antolaturikoa izanik, nabarmentzekoa da atzean egon zen elkarlan eta auzolana. “Meritu handia du”, diote Gure Esku Dagotik. Horrek erakusten du herri honetan ze indar eta energia dagoen. “Egunerokoan ez gara jabetzen, herri batean ehunka lagun, borondate propioz, halako ariketa demokratiko baterako biltzeak zer esan nahi duen”.

Ekainaren 10ean, energia erakustaldi hori egitera, etorkizunari eskua ematera gonbidatzen gaitu Gure Esku Dagok, “baietza nahi badugu guk bultzatu behar dugu”. Argi diote, “dena ez dago herritarron esku, baina herritarren bultzadarik gabe ez da ezer mugituko”.

GIZA KATERAKO OHARRAK

-Gure Esku Dago Usurbilek etxeetan banatu dituen triptikoetan erabakitzeko arrazoiak idatzi, eta asteburuetan frontoi inguruko izen emate mahaian, Aginaga eta Santueneko jubilatu elkarteetan eta Sutegi udal liburutegian jarriak egongo diren postontzietan utzi.

-Asteburuetan (ostiral arratsalde, eta larunbat nahiz igande eguerdietan): giza katean parte hartu edo antolaketa lanetarako izen emateko mahaia frontoi inguruan. Izen emate orriak har daitezke bertan baita, lagun artean edo familian giza katerako inskripzioak bideratzeko. Materiala (Kamisetak eta zapiak) erosteko aukera dago baita.

-Maiatzak 26, larunbata: erabakitzeko arrazoiak biltzeko eta giza katerako girotzeko, Klik Eguna eguerdi partean plazan. Haurrentzako katea osatzeko tailerra. Helduentzako tailerrak, musikaz girotua.

-Giza katea egingo den egunaren aurretik, antolaketa lanetan parte hartuko duten boluntarioentzako bilera irekia egingo da, beharrezko argibideak emateko. Hitzordua aurrerago iragarriko dute.

-Ostegunero 19:00etan Potxoenean, Usurbilgo Gure Esku Dago taldearen bilera irekia.

Giza katea

Ekainak 10, igandea

10:00-11:30 Giza katean kokatzea, norberak dagokion kilometro zatian. Gure Esku Dagoren kamiseta berriekin eta zapiekin agertzeko deia. Giza katerako girotzea.

12:00-12:30 Donostiako Kontxa, Bilbo eta Gasteizko Legebiltzarra, eta bide horretan zehar, beste 38 herri lotuko dituen 201,9 kilometroko giza katea.

12:30 Giza kate amaierako ekitaldia.

13:30 Jai giroa Donostian, Bilbon eta Gasteizen iluntzera arte.

Usurbilgo eremua (guztira 4.500 lagun):

9. kilometroa: Lasarte-Oria.

10. kilometroa: Lasarte-Oria.

11. kilometroa: Zubieta-Usurbil.

12. kilometroa: Usurbil (11 eta 12 kilometroetako ibilbidea: Troia ingurutik N-634 errepidetik Oxtapera, handik Kale Nagustitik barrena Atxegalde parean berriz ere N-634 errepidera Kaparotz ingururaino).

13. kilometroa: Andoain.

14. kilometroa: Andoain.

15. kilometroa: Urnieta-Aginaga (aginagarren eremua, Aginaga erdiguneko eremuan).

16. kilometroa: Astigarraga.

17. kilometroa: Hernani.

Guztira gutxienez beharko den jendea: 1.000 lagun Usurbilen (11 eta 12 kilometroetan, Troiatik Kaparotzera), beste 250 lagun Aginagan (15. kilometroan, Aginaga erdialdean).

Informazio gehiago:

Facebook: Gure Esku Dago Usurbil.

Twitter: @GureEskuDagoU

Web orrialdea: gureeskudago.eus (giza katean Internet bidez bidez izen emateko aukera, gizakatea.gureeskudago.eus atarian. Izen ematerakoan kontuan izan zubietar, usurbildar eta aginagarrak zein kilometrotan egongo diren).

Antolatzailea: Gure Esku Dago.