Erabakitzeko arrazoiak bildu eta plazaratzeko Klik Eguna larunbatean

Noaua Aldizkaria 2018ko mai. 23a, 13:11

Ekainaren 10eko giza katea girotzeko baliatuko du baita, larunbaterako (maiatzak 26) Usurbilgo Gure Esku Dagok antolaturiko Klik Eguna. Eguerdiko 12:00etan hasita Mikel Laboa plazan, erabakitzeko zergatiak bildu nahi dira. Musika eta jan edanak girotuko duen hitzorduan, haurrentzako tailerra eta giza katerako izen emateko mahaia ere jarriko dute.

Erabakitzeko arrazoiak biltzen

Ekainaren 10eko hitzordua, Gure Esku Dagok landua duen plangintza zabalago baten baitan kokatua dago. Erabakitzeko eskubidea aldarrikatzetik gauzatzerako bidea jorratu nahi du aipatu herri mugimenduak. Bide horretan, urrats berri bat eman nahi da hilabeteotan. “Herritarron Itun bat osatzen joatea planteatzen dugu”.

Zergatik eta zertarako erabaki nahi dugun, erabakitzeko arrazoiak bildu nahi dituzte; 2019 arrazoi, eta gehiago, herritarron ekarpenekin. Horretarako, triptiko bat banatu du Usurbilgo Gure Esku Dagok etxez etxe. Bertan, erabakitzeko zergatiak adierazteko aukera dugu. “Buruari eragin, zergatik eta zertarako nahi dugun erabakitzeko eskubidea. Denon arrazoiak dira garrantzitsuak. Ezinbestekoak gara denok arrazoi bilketa honetan”. Urte hasieran, gai ezberdinen inguruan (gure lurra, hiritartasuna, ongizatea eta kultura) hiriburuetan eginiko hitzaldi zikloarekin abiatu zuten arrazoi bilketa, haratago doa, “gai zehatzak ateratzen joan ahala, horren inguruan nola erabaki, ze tresna erabil ditzakegun ikusgarri egiten joateko”.

Arrazoi bilketa hau plazaratzeko baliatu nahi da, beste hainbat herrietan bezala, maiatzaren 26an Usurbilen antolatu duten Klik Eguna. Arrazoi bilketa honekin, herrietan bildutako indar erakustaldia izan nahi du baita ekainaren 10eko giza kateak. “2019 arrazoi eta gehiago ditugula erabakitzeko, erabaki nahi dugula” adierazteko. Indar erakustaldi bat baita, hauteskunde zikloan murgiltzear diren eragile politikoen aurrean. Gogoan izan, Gasteizko Legebiltzar parean amaituko da datorren giza katea, “eta ez da kasualitatea” noski, Gure Esku Dagoren esanetan.

Usurbilen bezala, Euskal Herrian herriz herri, eskualdez eskualde egingo den arrazoi bilketarekin Herritarron Ituna osatuko da. Gerora, eragile anitzen artean adostu nahi dena. “Herri Itun hori sustatzeko unean zubi lana egitea da Gure Esku Dagoren asmoa”. Argi denez, prozesu hau asteotan, herritar bakoitzak eginiko ekarpenetik abiatuko da, behetik gorako prozesu argia izango da.

Klik Eguna, arrazoiak biltzen eta plazaratzen lagungarria suerta daitekeen hitzordua izango da.

Arrazoi bilketan nola parte hartu?

-Gure Esku Dago Usurbilek etxeetan banatu dituen triptikoetan erabakitzeko arrazoiak idatzi, eta asteburuetan frontoi inguruko izen emate mahaian, Aginaga eta Santueneko jubilatu elkarteetan eta Sutegi udal liburutegian jarriak egongo diren postontzietan utzi.