Jaietako txupinazoa gaztaingileek jaurtiko dute eta egitaraua Ibai Arrietak diseinaturikoa izango da

Noaua Aldizkaria 2018ko mai. 24a, 12:29

Jai Batzordeak festei begirako bi erabaki garrantzitsu hartu ditu. Aurreko ostiralera arte, martxan ziren egitarau diseinu lehiaketako irabazlea eta txupinazoa nork jaurtiko duen hautatu dituzte jada. Usurbilgo Udalak zabaldu duen ondoko irudian duzue datozen jaietako egitarauaren azalak izango duen itxura. Besteak beste, bi buruhandien irudiak biltzen dituen diseinuak irabazi du txapelketa. Egilea, txapelduna honenbestez, Ibai Arrieta del Pico usurbildarra dugu. Zorionak! Ekaina amaiera aldera ezagutuko dugu Arrietaren diseinu lana. Usurbilgo Udalak festetako egitaraua etxe guztietan banatu ostean. 20 diseinu lan aurkeztu dira aurtengo txapelketara. 

Bigarren erabaki bat ere hartu du Jai Batzordeak. Aipatu moduan, hautatua dute txupinazoa nork jaurtiko duen. Jai Batzordeak, Potxoenean, Sutegi udal liburutegian, Oiardo Kiroldegian edo Usurbilgo Udalean jarriko kaxetan nahiz email bidez, guztira 65 ekarpen jaso ditu eta festak abiatzeko suziria pizteko 40 hautagai ezberdin. Goiko irudian dituzue aurten udaletxeko balkoian jaiei hasiera ematen ikusiko ditugun herritarrak. Usurbildar gaztaingile koadrilak izango du ekainaren 28an (osteguna) Usurbil bost eguneko parranda giroan murgiltzeko ohorea. Ondo merezia dute. Urteak daramatzate, herriko hainbat eragileri laguntzen, hainbat azoka edota ekitaldietan, gaztainak erre eta saltzen eta ekarpen ekonomikoa egiten. Egiten duten ahalegina txalotu, eskertu eta omentzeko aukera izango du beraz Usurbilgo herriak, lagunk koadrila ezagun honi. Zorionak!