Joxean Artzeren ekainaren 16ko omenaldian parte hartzeko izena ematen ari dira herritarrak

Noaua Aldizkaria 2018ko mai. 24a, 12:04

Hilabete baino gutxiago geratzen da, ekainaren 16an Usurbilgo herriak merezitako omenaldia egiteko urte hasieran zendu zen Joxean Artzeri. Herritarren batzorde bat sortu zen martxoan, Artze Taldea, eta ordutik egun horretarako prestaketak bideratzen ari dira. Arte diziplina ezberdinetako hitzorduek osatuko dute sortzaile usurbildarraren aldeko omenaldiko egitaraua. Herrikoia eta parte hartzailea izatea nahi dute eguna. Dagoeneko, ekainaren 16an, 18:30etan Dema plazan ospatuko den ekitaldi baten zehaztasunak aurreratu dituzte, herritarrak hitzordu honetan parte hartzeko gonbita luzatzearekin batera.

Txalapartak giroturiko poema errezitaldi herrikoia antolatu dute Dema plazan, elizako hormaren aurrealdean. Bertan, Joxean Artzeren lanaren aitortza egingo da, poesia eta txalaparta uztartuz. Artze anaien txalaparta jarriko dute bertan. Artzerekiko sentimenduren bat adierazi nahi duen herritar orok, horretarako aukera izango du, Artzetarren txalaparta joz edota poema bat irakurriz. Ekitaldian parte hartu nahi duen orok, prestaketa lanak garaiz bideratu ahal izateko, aurrez izena ematea eskatzen da goizez Potxoenean (943 371 999) edo arratsaldez Sutegi udal liburutegian (943 360 692). Dagoeneko liburutegian bertan, ia 20 bat lagunek agertu dute ekitaldian parte hartzeko prestasuna.

Erregistro liburua zabalik

Artzerekiko sentimenduren bat adierazteko beste bide bat ere egongo da, omenaldi egunera arte Potxoenean jarria izango den Erregistro Liburuan. Ekainaren 16an ere, hitzez Artze omentzeko aukera izango da aipatu liburuan.