Euskal presoen eskubideen alde mobilizatzeko eguna ostiral hau. Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak deituta, elkarretaratzea arratsaldeko 20:00etan Mikel Laboa plazan. Azken mobilizazioa, joan den igandeko Sagardo Egunean egin zuten. Elkarretaratzea lehenbizi Mikel Laboa plazako karpa gunean, eta handik giza katea egin zuten gero, Askatasuna plazako bolatoki gaineraino.
Zorionak
Gaurko elkarretaratze honen bezperan urteak bete ditu Olatz Lasagabasterrek, sorterritik 600 kilometrora. Oraindik indarrean segitzen duen salbuespenezko espetxe politikaren isla da, hain zuzen, Valentziako Picassent espetxean, aipatu moduan, sorterritik 600 kilometrora espetxeraturik segitzen duela Olatzek, Patxi Urangarekin eta Xua haurtxoarekin batera. Apirila amaieran egin zen elkarretaratzean, usurbildarrek Olatz zoriontzeko ondoko argazkia atera zuten. “Kandelak gure bihotzetan pizturik dauzkagu eta ez ditugu itzaliko gurekin batera ufa egitera etortzen zaren arte. ZORIONAK OLATZ!”.