Idoia Torregarai: “Umorea prestigiatzea lortu nahi dut”

Noaua Aldizkaria 2018ko mai. 28a, 09:55

NOAUA! Kultur Elkarteko lehendakari edota Udako Euskal Unibertsitateko (UEU) komunikazio-arduradun gisa ezagutuko dute askok. Lerrootan ordea, txikitatik etxean jasotako umorezaletasunari buruz elkarrizketatu dugu Idoia Torregarai Martija. Umorezaletasunean egin duen ibilbideari buruz, eta umorezaletasunetik umoregile izatera egindako jauziaz. Jauzi horren azken mugarria, aurkeztu berri duen Barretartia berrituan aurki dezakegu. Orain umore zerbitzuak eskaintzen ditu.

Umore zale, umoregile, nola aurkeztu behar zaitugu?

Idoia Torregarai:Umorezalea. Umorista izan daiteke, umorera dedikatu eta besteei barre eginarazten diena eta bide horretan nik ez dut hainbeste esperientzia, profesionalki esan nahi dut. Gehiago definitzen naiz umorezale gisa. Orain umore aktibista ere jada ateratzen ari da baita.

Odolean daramazu. Umorea eta Idoia lotzea, gurasoak aipatzea ere bada.

Aita txiste kontalari ezagun eta maitatua. Beregandik hartu nuen beti barrearen bidez, maitatua eta toki bat izateko eta estimatua izateko bidea. Ama berriz, beharbada ez hain ezaguna kanpora begira, baina umore handikoa eta oso baikorra, beti bizitzari irribarre bat ateratzen diona. Bien arteko konbinazio bat izan naiteke edo bi iturri nahasketa horretatik jaso dut txikitatik, umorearen aldeko zaletasuna. Horregatik estimatzen dut hainbeste.

Arbasoengandik jasotakoa nola kudeatu duzu zure ibilbide pertsonal eta profesionalean? Umorea bizitza ulertzeko modu gisa ikusten duzu.

Bizitza ulertzeko modu bat da. Nortasuna eraikitzeko une zail horretatik, nerabezarotik umorea ni izateko eta kokatzeko adierazle bat edo bizitzeko modu bat, jarrera bat da. Garai hartan badirudi hautu hori kontzienteago egin nuela, eta ordutik aurrera, umorerik gabeko bizitza ez dut ulertzen. Idoiak eta umoreak badute halako sinbiosi bat. Eremu guztietan, lanean edo alde pertsonalean dimentsio hori neurea den heinean, neurekin daramat beti.

Beti partekatu izan duzu umore zaletasuna inguratzen zaituztenekin. Baina bada une bat bestelako jauzi bat ematen duzuna. Noiz eta nolatan?

2011. urtean. Jada ama nintzela, beste gauza batzuk egin nahian, umorea berriro kontzientziara ekarri eta zerbait egin behar nuela jabetu nintzen. Une horretan modago zeuden blog bat irekitzea erabaki nuen, umoreari buruzkoa eta euskaraz. Hala sortu nuen barretartia.com bloga. Ordutik 300 sarrera edo egin ditut. Beti niretzat plazerrezko asteroko eginbehar bat izan da. Poz handiak ekarri dizkidan abiapuntua izan da. Umoreari eta generoari buruz Durangoko Plateruenean emandako lehen hitzaldia Barretartiatik etorri zen. Gero Hamaika Telebistatik elkarrizketa, Durangaldeko ikastetxe batek umorea landu nahi zuela esanez deitu zidaten. Baita Euskadi Irratitik, Info7tik, ETB-ko Atera Kontuak saiotik… Barretartiak beste ate asko irekitzea ekarri dit. Azken urteotan, hurrengo pausoa zein izan zitekeen liseritzen aritu naiz. Iazko urte amaieran barretartia.eus umore zerbitzuak irekitzea erabaki nuen.

Lehengoko Barretartiatik oraingora jauzi nabarmena dago. Azalduiguzu.

Blog bat izan da orain arte, orain webgune bat da. Eskaintza integralagoa izango duen zerbitzu enpresa. Bloga barruan du. Barretartiak, sormena, alde hausnartzaileagoa, umorea prestigiatzeko dibulgazioa eskaintzen nituela konturatu nintzen. Bide horretan inkontzienteki eman dut pauso berri hau. Umorea prestigiatzea lortu nahi dut, umorea euskaraz egitea sustatzea.

Barretartia berria jendaurrean aurkeztu berri duzu. Egunotan zer jaso duzu?

Poz handia. Beste erditze bat bezala izan da. Gainera, Ion Markel bikotearekin batera egin dugun proiektua da. Horrek ere gehiago betetzen dizu. Bestetik, jendeari izugarri gustatu zaio umore zerbitzu kontzeptu hori. Atentzioa deitzen du. Nahita ere probokatzera joan nahi nuen. Izenburuarekin dagoeneko izan dut ze ideia ona dioena. Segituan ikastetxeetara ezagutzera eman dut. Lehen lau egunetan dagoeneko hiru eskaera jaso ditut, sorpresa alde horretatik.

“Tresna oso eraginkorra da umorea”

Umoristen artean erreferentziak falta zaizkigula aipatu izan duzu, bai euskaraz, baita emakumezkoen artean ere.

Euskaraz alde horretatik gutxiago. Bertsolaritzan eta antzerkigintzan bada, baina beharbada ez zen hain ezaguna hortik aparte. Horrek sortarazten zidan halako kezka  bat. Aurreritzi asko daude. Gizarte honek asko mugatzen gaitu eta emakumeoi gehiago. Emakumeak izan behar du neurritsua, barre egingo du mutilek egindako txisteetaz, izango da gehiago objektu subjektu baino. Horrek ere ezinegona sortarazten zidan. Sentitze nuen ez nintzela hor kokatzen, umorea egin eta jendeak aintzat hartzea nahi nuen. Tabuak diren gai batzuk, guretzat tabuagoak, puskatze aldera jo nahi nuen, eta esan, hemen bagaudela umorea egin nahi eta ahal dugun emakumeak.

Umorea jendartean eragiteko arma potente bat izan daiteke. Umoreez hitz egin daiteke.

Umorea da barre egitea, baina kalte handia egin daiteke. Tresna oso eraginkorra da umorea, jendea zapaltzeko. Bullying kasuak esaterako, isekatik datoz. Umorea aztertzen ari garenean, beti pentsatu behar da egilearen eta hartzailearen arteko harremana nolakoa den. Parez pareko harremana da, edo goitik beherakoa? Botere toki batetik eginez gero, umore zapaltzailea izango da. Bion artean adostutako jokaleku batean baldin bagaude zirtoka egon gaitezke biok eta ondo pasa. Bestea, behetik gora egiten dena da, kritika soziala egiteko balio du. Geroz eta gehiago jazartua izaten ari da.

Egile eta hartzailearen arteko harreman horretan sakontzeko aukera izaten ari zara azken aldian, “Bakean dagoenari, bakean utzi” bakarrizketa saioekin. Nolakoa izan da oholtza gainera igotze hori? Mirari Martiarena eta biok aspalditik ezagutzen gara. Berak beti esaten du umore bikiak garela. Ezagutu ginenean segituan konektatu genuen umorearekin. Gauza amankomun asko ditugu; biok gara emakumeak, kazetariak, baserritarrak. Umore estilo berdina dugu. Elkarrizketa batean, biok zerbait egin beharko genukebota zidan eta nik zer geratzen zaizu egiteko?erantzuterakoan, Mirarekin bakarrizketa. Iazko Euskararen Egunean saio bat egiteko aukera izan zen Sutegin, NOAUA!ri esker. Metxa piztea bezalakoa izan zen, konturatu ginen ze ondo pasa genuen eta jendeak ere ondo pasa zuela. Honi jarraipena ematea erabaki genuen. Lankura jo genuen, apustu ikaragarria egin zuten, nahiko itsuan gure alde. Bost bat saio egin ditugu, eta esperientzia ezinhobea izaten ari da, benetan betegarria. Jendearen erantzuna oso ona izaten ari da. Batez ere etortzen zaizkigunak emakumeak dira, oso islatua ikusten dute euren burua. Gizonezko gehiago etortzea ere nahi genuke, gu ohituagoak baikaude haien kontuak entzutera. Gizonei ondo etorriko zeia gure kontuak entzutea ere. Datozenek nahiko barre egiten dute. Barre egiteaz gain, saiatzen gara, buruari buelta batzuk emanarazten.

Umorezaletasunaren ibilbide horretan, zer urrats eman nahi dituzu?

“Bakean dagoena…” ikuskizunak bere bidea egingo du. Barretartiak ere ikusiko dugu noraino ematen duen. Esan dezakedana da, barrutik sentitu dudan behar bati erantzun diola. Ikasteko asko geratzen zait, zalantzarik ez dago, baina asko, geroz eta gehiago sinesten dut umorearen botereaz, erabileraz.

Umorearen onurak aipatuta, zeintzuk datozkizu burura?

Hainbat ikerketek egiaztatu duten moduan, batetik onura fisikoak. Barre egiten dugunean adibidez, bihotza indartu egiten dugu, baita gure sistema inmunologikoa ere. Endorfinak askatzeko balio du eta horrek gure gorputza asko lasaitu eta indartzen du. Azala gaztetu eta digestioak hobetzeko, lo hobeto egiteko… ere balio du. Badira beste atal batzuk, geroz eta gehiago ari direnak aztertzen, esaterako ze garrantzitsua den umorea giza harremanetarako, talde kohesioan, gure autoestiman, depresioari eta une zailei aurre egiten nola laguntzen duen…

Baliabideak eskaintzen ditu umoreak?

Bizitzarako eta egunerokotasunean sortzen diren gauza gogor horiek ere erlatibizatu eta buelta emateko. Umorea kontsumitzeko ohitura hartu, gauza komikoetan fokua jartzen ohitu dezakegu baita gorputza eta adimena. Trebatu daitekeen giza gaitasun bat da. Horregatik Barretartia Umore Zerbitzuko eskaintza edonori zuzendua dago. Ariketa txiki bat; ispilu aurrean jarri eta saiatu nahiz eta haserre edo gaizki egon, irribarre faltsu bat egiten. 20 segundu egonez gero, burmuina hasten da pentsatzen hor aldaketa bat dagoela eta horrek funtzionatzen du.