LAB sindikatuak bi orduko lanuzteak deitu ditu gaurko

Noaua Aldizkaria 2018ko mai. 30a, 08:45

Deialdi honen bitartez, LAB sindikatuak hitzarmenen estatalizazioa salatu eta Lan Harremanen Euskal Esparruaren defentsa egin nahi du. "Gure helburua estatalizazioaren eta prekarietatearen aurka dauden langileak mobilizatzea izango da", prentsa ohar bidez aditzera eman dutenez. "Inboluzio politiko eta soziala bizitzen ari gara: diskriminazioa, prekarizazioa, pobretzea, pentsioak erasotzea, erreformak, zerbitzu publikoen murrizketak… Lan arloan ere, prekarizazioa inposatu nahi digute. Botere politiko eta ekonomikoaren arteko aliantzak prekarizazio prozesu oso bat jarri du martxan. Langileen kontura, poltsikoak betetzen jarraitu nahi dute".

2008ko krisiaren aitzakian, estatalizazio eta prekarizazio prozesuari bultzada handia eman ziotela dio LAB sindikatuak. "Hiru mugarri nagusienak honako hauek izan dira: negoziazio kolektiboaren erreforma, lan erreforma eta austeritate neurriak. Hauen ondorioz, besteak beste, azken 7 urteetan estatuko hitzarmena aplikatzen zaien langile kopurua %21etik %34ra izatera pasatu da. Estatuak eta patronalak erabaki estrategiko bat hartu zuten. Lan baldintzen prekarizazio eta zerbitzu publikoen pribatizazioa bilatzen. Estatu mailako hitzarmenak sinatuz, bertakoak betetzeari utzi nahi diote eta gureak baino okerragoak direnak inposatu nahi dituzte".

Usurbilgo elkarretaratzea

Guzti honi aurre egiteko, lantokiz lantoki prekarietatearen kontrako eta lan baldintza duinen aldeko ekimenak antolatu dituzte. Buruntzaldean, hainbat lanuzte eta elkarretaratze iragarri dituzte. Usurbilen, Igepak enpresaren aurrean mobilizatuko dira asteazken honetan, 13:30etik 14:15era, zehatz esanda.