Udala eta Elhuyarren arteko lankidetza-hitzarmena

Noaua Aldizkaria 2018ko mai. 29a, 13:40

Euskararen normalizazioaren alde eta zientzia zein teknologia gizarteratzen segitzeko lankidetza-hitzarmena sinatu eta luzatu dute bi urterako, Elhuyar Fundazioak eta Usurbilgo Udalak. Elhuyarrek urteko plan bat osatu eta Udalarekin zenbait lankidetza bideratuko ditu, “izan itzulpengintzan, aholkularitzan edo bestelako zerbitzuen bidez. Usurbilgo Udalak 10.000 euroko diru-laguntza eskainiko dio”, Udaletik berri eman dutenez.

Aurtengoari begira, hitzarmen honen baitan, Harria Hitz ibilbidea irisgarria egiteko egitasmoa landuko dute. “Elhuyarrek ADI-Usurbil teknologia adimenduna garatzen jarraituko du, Harria Hitz ibilbidea irisgarria bihurtzeko helburuz. Modu horretan, edozein mailako ikusmen urritasuna edota ezgaitasun kognitibo edo intelektuala duten bisitariek aukera izango dute ibilbide azalpen guztiak eta ibilbidea jarraitzeko. Horretarako, besteak beste, bisitaria ibilbidean zehar gidatzeko GPS-rako track bat sortuko du Elhuyarrek. Bi erakundeak lanean ari dira egitasmo hori epe motzean gauzagarri egiteko”, Udaletik berri eman dutenez.

Ondoko irudian dituzue elkarlanaren aldeko konpromisoa berretsi duten aipatu erakunde eta fundazioko ordezkariak; Xabier Arregi Usurbilgo alkateak, Jose M. Pitarke de La Torre Elhuyar Fundazioko lehendakaria eta CIC NanoGuneko zuzendaria eta Elhuyarreko zuzendari nagusi Leire Cancio.