Erabakitzeko 2019 arrazoi eta gehiago dago. Usurbilen soilik arrazoi mordoxka plazaratu zituzten herritarrek, Gure Esku Dagoren herri mailako lan taldeak larunbatean antolatu zuen Klik Egunean. Pentsioak, bizi kalitatea, hezkuntza, euskara, askatasuna, nortasuna, herri honen etorkizuna, parekidetasuna… hamaika arrazoi idatzi eta zintzilikatu zituzten, erabakitzeko arrazoiekin osatu zuten zuhaitzean.
Mikel Laboa plazan egitekoak ziren arren, giro euritsua tarteko, ekimena Askatasuna plazako aterpera lekuz aldarazi behar izan zuten. Haurrek panpinekin giza kate bat diseinatu zuten. Jan edana eskaini zuten ekitaldia, ekainaren 10eko giza katea girotzeko ere baliatu zuten.
Zergatik eta zertarako erabaki? Usurbildarrentzat…
-Euskal Herritik eta Euskal Herriarentzat pentsatuta, hezkuntza sistema propioa osatzeko.
-Euskaldunak garelako, ez espainolak ezta frantsesak ere.
-Nahi duguna egiteko eta euskaraz bakarrik hitz egiteko.
-Erraustegirik ez izateko.
-Jubilatuei paga gehiago eman behar zaie! Bestela diru gabe geldituko dira eta ez dugu nahi hori pasatzea!
-Mozal Legeari ez.
-Euskara mugarik gabe.
-Euskal herritar librea izateko euskal errepublika librean.
-Guk nahi duguna izan, inork ezer esan gabe! Gu, gu garelako, ez beste inor!
-Demokrazia batean herritarrok iritzia ematea ezinbestekoa delako.
-Aske izateko.
-Lasai bizi ahal izateko.
-Gu errespetatzeko.
-Iritzi desberdinak azaleratzea garrantzitsua delako.
-Gure herriarentzat egokien deritzogun aukera bermatu ahal izateko, hezkuntza sisteman, gestioan…
-Gu garena izan behar dugu.
-Neskak eta mutilak berdin tratatu behar ditugu.
-Natura zain dezagun.
Arrazoi bilketa martxan
Klik Eguna, erabakitzeko arrazoiak biltzen eta plazaratzen lagungarria suertatu zen. Halere, arrazoi bilketak aurrera darrai. Gure Esku Dago Usurbilek etxeetan banatu dituen triptikoetan erabakitzeko arrazoiak idatzi, eta asteburuetan frontoi inguruko izen emate mahaian, Aginaga eta Santueneko jubilatu elkarteetan eta Sutegi udal liburutegian jarriak egongo diren postontzietan utzi ditzakezue.
“Buruari eragin, zergatik eta zertarako nahi dugun erabakitzeko eskubidea. Denon arrazoiak dira garrantzitsuak. Ezinbestekoak gara denok arrazoi bilketa honetan”. Herritarren ekarpenotatik