Udalbatzak zenbait aldaketa onartu ditu hasieraz, 2018ko zerga ordenantzetan

Noaua Aldizkaria 2018ko mai. 30a, 10:51

2018ko zerga-ordenantzan hainbat aldaketa hasieraz onartzea erabaki zuen udalbatzak gehiengo osoz (EHBildu alde, PSE aurka eta EAJ abstentzioa) asteartean egin zuten osoko ohiko bilkuran. Batetik, udal jabetza erabiltzeagatiko tasaren baitan, "udal bide publikoen lur, lur azpi edo lur gainaren erabilera pribatibo edo aprobetxamendu berezia"ri tarifa berria gehitzea. Zerbitzuak eskaini edo udal jarduerak burutzeagatiko prezio publikoen baitan, etxez-etxeko zerbitzuen prezio taula eguneratzea onartu zen hasieraz. Eta azkenik, Oiardo Kiroldegiko ikastaroetako ikasturteko prezioen eskaintza osatzea.

Udalbatzak hasieraz onartutako aldaketok jendaurrean ikusgai jarriko ditu Udalak 30 egunez interesdunek erreklamazioak aurkez ditzaten, erabakia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita. Tarte horretan, erreklamaziorik aurkeztuko ez balitz, aldaketok behin betiko onartuko ditu Udalak. Bestela, "Udal Korporazioak behar diren behin betiko erabakiak hartuko ditu, aurkeztu izan diren erreklamazioak ebatziz eta Ordenantzaren behin betiko idazketa, beraren indargabetzea edo eta, behin behineko akordioan aipatutako aldarazpenak onetsiz".

2017ko Kontu Orokorra jendaurrean

Usurbilgo Udalak maiatzaren 25eko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zuen iragarkiaren arabera, 2017ko Kontu Orokorra jendaurrean izango da ikusgai, “hamabost egunez, kontu-hartzailetzako bulegoetan”. Tarte horretan, alegazioak aurkezteko aukera izango dute interesdunek udal erregistroan.

Alegazio epea ixtear

Usurbilgo Udalak behin behinean onarturiko diru-laguntzei alegazioak aurkezteko epea ostegun honetan (maiatzak 31) itxiko da. Guztira, 180.000 euro bideratu asmo dute, kultura, kirola, ingurumena, nekazaritza eta gizartegintzako egitasmoetara.