Duela bi urtetik, Kale Nagusia 43 behean, Etumeta AEK euskaltegiak egoitza duen udal lokaletako batean kokatua egon da Harrera Elkartearen bulegoa. 2016ko ekaina amaieran erabaki zuen Usurbilgo udalbatzak prekarioz lokal hau uztea, hasiera batean urtebeterako, beste urtebetez luzatzeko aukerarekin.
Bi urte igaro dira ordutik. Asteartean egindako osoko bilkuran, udalbatzak lokal honen prekariozko lagapena 2018ko ekainaren 29tik aurrera beste lau urtez luzatzea erabaki zuen aho batez.
Laguntza espetxetik irten edo erbestetik datozenentzat
2012ko ekainean sortu zuten Harrera Elkartea, helburu zehatz batekin. "Euskal gizon eta emakumeei espetxetik edo erbestetik itzultzean, ahalik eta laguntza handiena ematea jendeartean egokitzeko eta haien bizitza berria duintasunez eraikitzeko". Kartzelatik irten edo erbestetik itzultzen direnek izaten dituzten arazoei aurre egiten laguntzen die Harrera Elkarteak eremu ezberdinetan: eremu juridiko-administratiboan, osasungintzan, asistentzia ekonomikoan, lan arloan. Harrera Elkarteari buruzko informazio zabalagoa, ondoko estekan aurki dezakezue: harreraelkartea.com