LAB sindikatuak deituta, 135 mobilizaziotik gora egin dira asteazken goiz honetan zehar Hego Euskal Herriko hainbat eta hainbat lantegi atarietan, hitzarmenen estatalizazioaren aurka eta Lan Harremanen eta Babes Sozialerako Euskal Esparruaren defentsan. Usurbilen ere bai. 13:30ak aldera, Zumartegi industriagunean, Igepak lantegi atarian atera dugun argazkia duzue albiste honi atxikia.
"Estatalizazioa=prekarizazioa. Hemen lan egin, hemen erabaki. Bertako hitzarmenen alde!" aldarriarekin bat eginez, hainbat langileek lan uztea egin berri dute. "Hitzarmenen estatalizazioak dakarren lan baldintzen prekarizazioa salatu eta hemen lan egiten badugu, gure lan-baldintzak hemen erabaki behar direla aldarrikatzea izan da antolatutako 135 mobilizazioen helburua", adierazi dute LAB sindikatutik.
Eguerdian, sindikatuko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk Oiartzungo Alcampo merkataritza gunearen atarian egin duen agerraldian zioenez, "Estatalizazioa bere bidea egiten ari da; hedatzen ari da olio orbanaren moduan: gaur egun, langileen heren bat dago estatalizaziopean eta erdia arriskuan dago".
Lehentasunezko lan ildoa
Gaurko mobilizazio egun honekin mugarri berri bat jarri dutela dio LAB-ek, baina "borroka ez da amaitu". Gaur plazaratutako aldarri sorta, lehentasunezko lan ildoa izango da sindikatuarentzat hurrengo ikasturtean. Erronka hauek finkatu dute hurrengo hilabeteetarako:
-Estatalizazio eta prekariazioari, sektore eta enpresatako borrokak indartuz erantzun behar zaio. Baita negoziazio kolektiboaren blokeoa gainditzeko iniziatiba berriak hartuz ere
-Estatalizazio eta prekarizaziari, Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparruaren aldeko borroka indartuz erantzun behar zaio. Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparruaren aldarrikapena agenda politikoaren erdigunean kokatuz.
-Bizi dugun inboluzio politiko eta sozialak eskatzen duen tamainako erantzuna emateko gai izan behar du sindikalgintzak. Bizirik dagoen mobilizazio sozialari langileok ere bultzada berria eman behar diogu. Aldaketa sozialaren eta aldaketa politikoaren aldeko borroka indartuz, aldaketa sozial erabatekorik ez dagoelako burujabetzarik gabe.