Hondakinen kudeaketaren gaiarekiko ardura Udalak biltzen hasia da. “Hobeki”, gai honetan aurrerapausoak emateko Euskal Herriko toki-erakundeen elkartea sortu da. Bilgunearekin bat egitea erabaki du Usurbilgo Udalak, maiatzaren 29ko osoko bilkuran udalbatzak gehiengo osoz (EHBildu alde, eta EAJ zein PSE aurka) onartu zuen mozioaren bidez. “Bide ikuskera bat partekatzen dugun herriok lan egitea”, elkarlana sustatu eta herri bateko zein besteko esperientzien elkartrukea, elkarren berri izatea bultzatu nahi du.
EHBilduk azken osoko bilkurara eramandako gai honi lotutako mozioak Hobeki Elkartearen printzipioekin bat egin nahi du, modu praktikoan; “printzipio horien arabera aritzea, koherentziaz eta jarrera aktiboz, hondakinen kudeaketaren arloan”.
Erraustegia eta atez atekoa hizpide
Udal gobernu taldeak soilik babestu zuen proposamena, oposizioko PSE eta EAJ-ren udal ordezkariak aurka agertu ziren. EAJ-ren bozeramaile Josune Urkolak halako elkarte baten beharrik ez zegoela zioen “eta kontra bozkatuko dugu” iragarri zuten. Baita PSE-ko udal ordezkariak ere.
Mozioak printzipio batzuk aldarrikatzen dituela, baina errealitateak bestelakorik uzten duela agerian zioten EAJ-tik. Esaterako, elkarte irekia izan nahi duela, baina momentuz elkarte kide gehienak EHBildu agintean duten udaletxeak direla zioen Urkolak. Mozioak herritarren parte hartzea sustatzea aipatzen du, baina EAJ-ren esanetan Hernanin atez atekoaren inguruan galdeketa egiteko hainbat herritarrek eginiko eskaera ukatua izan dela zioen.
Adierazpenokin, hondakinak bildu eta tratatzeko ereduen gaian murgildu ziren udal ordezkariak. EAJ-k edukiontzien sistema defendatu zuen, atez ateko bilketa baino jasangarriagoa baita jeltzaleen esanetan. Edukiontzien sistema duten herrietako gaikako bilketak “emaitza hobeak izaten ari dira urtez urte” zioen. PSE-k hondakinak erraustuz sortuko den energiak ekarriko duen aurrezpena defendatu zuen.
Adierazpenon aurrean, udal gobernu taldea harrituta ageri zen, mozio honek kontu guztioak aipatzen ez dituela adierazita. Udal gobernu taldetik, elkarte honen eginkizuna hondakinen bilketa modutik haratago doala zioten. Esperientziak partekatzeko bilgune bat dela nabarmendu zuten. Erraustegiaren eta atez ateko bilketaren inguruan oposiziotik esandakoak gezurtatu zituzten. “Gezur hutsa da” zioen alkateak, erraustegia energia sortzaile izan daitekeenik. “Usurbilgo erreusarekin elikatu behar balitz, ez litzateke eraginkorra” ez errentagarria, ezta beharrezkoa ere.
Atez atekoaren inguruan esandakoen harira, udal gobernu taldetik zioten galdeketak sarritan eskatu eta ez direla egiten utzi, esaterako Usurbilgo Udalak erraustegiaz galdetzeko eginiko eskaera gogora ekarri zuen EHBilduk. Galdetzen zuten ia onargarria ote den atez atekotik edukiontzien sistemara igarotzea defendatzea, halakoetan gaikako bilketa erdira jaisten dela ikusita. EHBildutik argi utzi zutenez, “ez da onargarria”.