Usurbilgo Udalak kaleratu berri du ekaineko kultur agenda. Azalean, datorren hilabeteko protagonista nagusia izango denaren irudia datorkigu; Joxan Artzerena. Urte hasieran zendutako sortzaile usurbildarra omenduko du herri honek datorren ekainaren 16an. Egun osoko egitaraua josi du martxoaz geroztik lanean den herritarren batzorde batek, bisita gidatu, omenaldi, tailer sortzaile, errezitaldi, txalaparta eta dantza saio eta abarrekin.
Artze hobeto ezagutzeko aukera emango duen hitzaldi batek girotuko ditu hilaren 16ko ospakizunak. HItzaldiez ari garela, berriki Joan Mari Torrealdaik plazaraturiko "Asedio al Euskera" liburua aurkeztuko du egileak berak Sutegin. Idoia Torregaraik eta Mertxe Aizpuruak elkarrizketatuko dute.
Urte amaieran, euskararen erabilera sustatzea helburu izango duen Euskaraldiak ere jauzia egingo du laster plazara. Ekainaren 8rako ekimenari babesa eta bultzada emateko herri agerraldia iragarri dute Mikel Laboa plazan.
Ikasturte amaiera eta uda abiatzearekin batera, urtero izan ohi ditugun ospakizunak gure artera itzuliko dira; Zumarte Musika Eskolakoen opor aurreko azken emanaldiak, Gaztelekuko udako ekintzen abiatzea, Kalezarko San Joan jaiak, Usurbilgo festen hasiera...
Deialdi eta ekitaldi gehiago ere badira. Honatx ekaineko kultur agenda: