Ondoko irudian dituzue Aginagako Arrate, Santueneko Gure Elkartea eta Usurbilgo Gure Pakea jubilatu elkarteetako ordezkariak Xabier Arregi alkatearekin batera, ostegun goiz honetan Potxoenean egin duten ekitaldian. Paperak sinatzen ari ziren unean atera dugu ondoko irudia.
Hain zuzen, Usurbilgo Udalak hiru jubilatu elkarteokin 2014ko apirilean sinatu zituzten lankidetza hitzarmenen indarraldia epe amaierara heldu denez, beste lau urterako berritu dituzte gaur. Diru-laguntza erregimena eta prekarioz lagatako lokalen erabilpena arautzea dira elkarlanerako dokumentuok sinatzearen helburu nagusiak.
Hitzarmenetan, elkarteok jubilatuekin egiten duten lana nabarmentzen da; bai jubilatu eta pentsiodunak biltzen, nahiz ekintzen bidez, bazkideen arteko elkarkidetasuna bultzatzen egiten duten ahalegina. Dokumentok aurrez landu dira sinatzaileen artean.
Aho batez onartuak
Udalak hiru jubilatu elkarteokin gaur sinatu dituen hitzarmenak aho batez onartu zituen udalbatzak, asteartean egin zuten osoko ohiko bilkuran. Gaur sinatu dituzte, bihartik aurrera indarrean izango dira.