Urte hasieran zendu zen Joxan Artzeri ekainaren 16an egingo zaion herri omenaldia aurkeztu dute ostegun eguerdian Potxoenean, ekimen honen antolaketa lan betean diren hainbat usurbildarrek. Auzolanean, herritar, eragile eta Udalaren eskutik, "Joxan Artze guregan" dago eta hala izango dugu bi aste barru, omenaldi eguna iragartzeko Jose Luis Zumeta sortzaile usurbildarrak landutako kartelak dioen moduan.
Ekainaren 16an, "Joxan Artzerekin elkartu nahi dugu berriz ere. Bere mundu handia ezagutu, irudikatu, oroitu, sentitu, partekatu eta bizi nahi dugu". Bi aste barru egingo den herri omenaldian, Artzeren mundua, "unibertso aberats eta zabala" arakatu nahi dutela nabarmendu dute. Aitortzen zutenez, zaila izango da ekainaren 16an Artzeren ondare guztia jaso eta kaleratzea, "gutako bakoitzak Artze geure erara biziko baitugu". Horretara animatzen dute ordea. "Norberak ezagutu, irudikatu, oroitu, sentitu, partekatu, norberak bizi dezala Artze nahi duen eran. Sentimendu horien guztien topagune izan daitezela Usurbilgo kaleak. Irudikatze kolektiboaren lekuko izan daitezela".
Yolanda Arrieta: "Gurekin egongo da, guregan egongo da"
Aurkezpenean zehar hitza hartu duen herritarretako bat, Yolanda Arrieta idazlea izan da. Herri omenaldi hau egitea ideia ederra dela iruditzen zaio, "joandako jendearekin egon eta heriotzari bizitzatik begiratzeko modu bat da".
Herri omenaldi egun honen bidez, Joxan Artzeren hitzak eta egilea bera berpiztuko dugula nabarmentzen zuen. "Egun horretan egingo duguna da Joxan Artzeren hitzak guztion artean sentituz, imaginatuz, partekatuz, biziz, hitzak berpiztu egingo ditugu eta hitz horiek idatzi zituen pertsona ere berpiztu egingo dugu. Gurekin egongo da, guregan egongo da, hitzak ez direlako inoiz hiltzen, eta hitzekin batera, hitzak esatean, idazlea, pertsona bera ere ez delako inoiz hiltzen. Bizirik dago, guregan dago", zioen Arrietak.
Jendea hitza bizitzera, "Joxan Artze gurekin guregan berriro bizitzera" deitu du. Gonbita baita gainerako kideen aldetik ere, bai usurbildarrei, baita gure artera etorri nahi dutenei, ekainaren 16an "denon artean Joxan oroitu eta guregan sentitzera".
Herri omenaldi egun honen antolaketa lanetan parte hartu duten guztiak eskertu dituzte. "Auzolan ederra izan da eta emaitza ere halakoa izatea espero eta nahi dugu". Tartean, zenbait izen nabarmendu eta emandako laguntzagatik eskertu dituzte; Carmen Esteban alargunaren eta Artzeren sendia, eta Joxe Luis Zumeta. Margolari usurbildarrak Artzerekin zuen harremanaren isla den kartela landu du.
Kartelarekin batera, josi duten egitaraua aurkeztu dute. "Txalaparta, poesia, dantza, kantua eta musika uztartu nahi izan ditugu. Artzeren izana eta mamia, bere araldaketa eta barne bizitzaren isla hain zuzen ere".
EGITARAUA
Ekainak 13, asteazkena
18:00 JOXaN aRTzE EzaGUTUz Potxoenea kultur etxean.
“Joxan Artze, espirituz ere bai” hitzaldia, Andoni Salameroren eskutik. Izanak elikatzen gaituen bezala, izanarekin batuz gertatzen zen Joxan artzeren elkartzea, gizakiekin, izakiekin, eta baita berak deitzen zuen irazale edo Sortzailearekin, hau da, Jainkoarekin. Hori horren ondo eta egoki bizitzen zuen olerkariaren inguruko testigantza eman nahi dugu hitzaldi honen bidez, izan ere, ez baita ezer isildu eta ukatzekoa, berau horren ongi eta hezurmamitik bizi zuenean. Joxanen irudi bat baztertu baino, aztertzea eta plazaratzea da gure nahia. Zintzotasun eta zuzentasun horri jarraiki, olerkari eta ekintzaile handi honek bere bizian erakutsitako alderdi guztion, espirituala barne, albiste eman nahi dugu, zinez eta taxuz gure herritar hau egiazki ezagutzeko".
Ekainak 16, larunbata
Egunean zehar:
-Joxan Artze irudikatuz, Sutegiko erakustaretoan. “Txoria txori” poema irakurrita, haurrek akuarelaz sortu dituzten marrazkiak ikusgai jarriko dira erakustaretoan.
-Joxan Artzeri idatziz egunean bertan, erregistro liburua egongo da, Joxan Artzeri zerbait idatzi nahi dionarentzat. Aldez aurretik, Potxoenea kultur etxera etorrita ere idatz daiteke bertan. Tel: 943 371 999.
10:30“Harria Hitz” Bisita Gidatua frontoitik abiatuta.
“Harria hitz” itzulia eginez, Usurbilgo herrigunean dauden artelanak bisitatuko dira. Ibilaldi honek argi erakusten du Usurbilek euskal sorkuntzan jokatu duen papera. Usurbil, euskal tradizioa eta modernitatea ederki uztartu dituen herria da, baita euskal sorkuntzarekin konprometitutako herria ere. Usurbilen inon baino hobe islatzen da 60ko hamarkadan Euskal Herrian gertatu zen kultur eztanda. Eta inon baino hobe islatzen da 60ko hamarkadako kultur eztandaren ondorena. Ibilbide hau, herri gunean ikusi daitezkeen zenbait elementuren artean egingo da eta elemetu horien bidez, Usurbilen euskal kultura garaikidea den susperraldian jokatutako papera ezagutzeko helburua eta aukera izango dugu". Izena emateko: 688 818 017 edo info@kultour.pro
12:00 Joxan Artze oroituz Mikel Laboa plazan.
Txalaparta, poesia, dantza, kantua eta musika lagun ditugula oroituko dugu Joxan Artze.
17:00 Joxan Artze sentituz Olanoneko anfiteatroan.
Haurrek marrazkiak egingo dituzte txalaparta entzunez sentitzen dutenarekin. Ondoren, ipuin kontaketa laburra izango da.
18:30 Joxan Artze partekatuz Dema plazan.
Joxan Artzeren lanaren aitortza egingo da, poesia eta txalaparta uztartuz. Bertan, Joxanekiko sentimenduren bat adierazi nahi duten guztiek parte hartzeko aukera izango dute, txalaparta joz edo haren poema bat irakurriz. (Aurrez izena eman nahi duenak: 943 360 692 edo kultura@usurbil.eus)
22:30 Joxan Artze biziz frontoian.
Joxan Artzeren lanean oinarritutako ikuskizuna gertutik biziko dugu: dantza, txalaparta, poesia, musika, bertsoak...
Antolatzaileak: herritar, eragile eta Usurbilgo Udalaren arteko elkarlanez.