Tomaxen abentura berriekin, arratsalde pasa dibertigarria antolatu du Santuenea Kultur Elkarteak, ostiral honetan (ekainak 1) 17:00etan Santueneko frontoian. "Muxugorrik, Tomax liburutegira joateko konbentzituko du, han ipuinekin, antzerkiak sortuko dituztelako. Beraz, “Txanogorritxo”, “Hiru txerritxo” eta “Hamelingo txirularia”, bere erara antzeztuko dute. Barre egin, ondo pasa, kanta, dantza eta magia guztiak dibertitzeko. Antzezlan familiarra: gurasoek ere primeran pasatzen dute".
"Irrien Lagunak"
NOAUA! Kultur Elkartearen eskutik, Irrien Lagunak bueltan datozkigu, ekainaren 11n Usurbila. Garai honetan, ikasturte amaiera aldera antolatzen dugun Plis Plas Txalo Ta Jolas ekimenaren baitan, "Zatoz jolastera" haur eta gaztetxoei zuzenduriko ikuskizuna eskainiko digute ekainaren 11n, 17:30etan hasita frontoian. "MarikaLanbre eta Largabista jolas egiteko gogoz daude. Bildu diren lekuan ez dago parkerik, ez dago jostailurik, ez dago.... Irudimena dantzan jarriz eta publikoaren parte hartzearekin jolasteko mila modu daudela ikusiko dugu. Bazatoz jolastera?".
Udajolaseko guraso bilera
4-12 urte arteko 192 haur eta gaztetxo izena emanda daude NOAUA! Kultur Elkarteak eta Usurbilgo Udalak antolaturiko Udajolas ekimenerako. Uztailaren 3tik 27ra, astelehenetik ostiralera, 09:30-13:30 artean eskainiko da Udajolas. Argibide gehiago, ekainaren 14rako 17:00etan Sutegiko auditorioan antolatu dugun gurasoei zuzenduriko bileran eskainiko dira.
Bi hitzordu Bihurri ludotekan
Maiatzaren 30erako iragarria zuten 'Identitatearen ibilbidea: neska-mutil anitzak, sexualitatea, transexualitatea' saioa ekainaren 7ra atzeratu dute. Aurreikusitako ordu eta lekuan izango da, 17:00etan Bihurri ludotekan. Usurbilgo Sexu Aholkularitza Guneko arduradun Elena Jimenezek gidatuko du, hitzaldi-solasaldi irekia. Bihurri ludotekak merendola batekin borobilduko du ikasturtea ekainaren 22an 17:00etan. "Bihurri Ludotekan bazkideok opor hasiera merendola batekin ospatuko dugu, zatoz!! Oparitxoak ere egongo dira!!".