Usurbilgo Haur Eskolarekiko asebetetze maila altua adierazi dute gurasoek

Noaua Aldizkaria 2018ko mai. 31a, 08:21

Haur Eskolaren zerbitzuaren eta 0-3 urte arteko haurren eskolatze-ohituren gaineko azterketa egin dute Usurbilgo Udalak eta Udarregi Ikastolak, Gure Market_In enpresaren laguntzaz, 2011-17 urte artean jaiotako haurren gurasoen artean.

Haur Eskolaren batera eramatekotan, guraso gehienek Usurbilgoa hautatzen dute. Faktoreok tartean direla. “Haur-eskola herrian egotea (gurasoentzat erosotasuna); elikadura (bertako elikagaiak, bertan prestatutakoak izatea); eta, hiru urteetan umeak erreferentziazko hezitzaile baten jarraipena eduki ahal izatea. Hain justu, hiru aspektu horiek dira Usurbilgo haur-eskolan gehien baloratu direnak. Bestalde, Usurbilgo haur-eskola aukeratzerako garaian, honako faktore hauek eduki dute balorazio maila txikiena: prezioak, egutegiak, beste gurasoen iritziak eta ordutegiak”, Usurbilgo Udaletik ohartarazi dutenez.

Positiboki baloratzen dituzte Haur Eskolaren zerbitzuak. “Egokitzapen-aldia, hezitzaileekin gertutasuna, herrian egotea, psikomotrizitateko gela, ikastolarekin txikitatik sortzen den harremana”. Alderdi negatibo gisa, “kuota garestia, ikastolatik fisikoki bananduta egotea, opor luzeegiak eta eskola publiko batetik ikastola kontzertatu batera pasatu beharra”.

Haur Eskolako haur ia denak Udarregi Ikastolara doaz gero, “besterik ez dagoelako, herrian dagoelako, ikastolaren ereduaren aldekoak direlako, euren seme-alabek ikasketak Usurbilen egitea nahi dutelako, ikastolaren metodologia eta instalazioengatik”.

Azterketak agerian utzi du baita, ez dagoela adostasunik 2-3 urteko gelaren inguruan. “Batzuek eskatu diote Udarregiri 2 urtetik aurrera hartzeko haurrak eta ez 3 urtetik aurrera, orain egiten duen bezala. Haatik, umeak Haur Eskolara eraman dituzten gurasoek oso positiboki baloratzen dute 0-3 ziklo osoa mantentzea, nagusiki, ikuspegi pedagogikotik”, Udaletik nabarmentzen dutenez.

Zenbakitan

Parte hartzaileak: 91 guraso (2011-17 urte artean jaiotako haurren gurasoen %27ak).

Emaitzak:

-%75 inguruk, haurrak inoiz haur-eskola batera eraman ditu. Haietatik %98ak Usurbilgora.

-%69ak seme-alaba guztiak eraman ditu.

-%10ak seme-alabaren bat.

-%20,24ak ez ditu seme-alabak haur-eskolara eraman; umeak 3 urtera arte eskolaratu nahi ez izateagatik, aiton-amonek zaintzen dizkietelako, garestiegia izan edo gurasoren bat etxean dagoelako. Horietatik, %35ak haur eskolara eraman ez, baina bi urteko gela duen ikastetxeren batean umeak matrikulatu ditu (batez ere, Zubieta eta Aginagako eskola txikietan).

-%92tik gorako asebetetze maila dute elikadura eta hezitzaileekiko.

-%60koa egokitzapen-aldia, egutegia, instakaluntzak eta hezitzale bakoitzak duen haur kopuru eta ordutegiarekiko.

-Asebetetze maila txikiena prezioak du.

-Haur Eskolako umeen %85,71k Udarregi Ikastolan jarraitu dute gero. Gainerakoek Aginagako eta Zubietako Eskoletan.

-Adostasunik ez, 2-3 urteko gelaren inguruan.