Etorkizunari eskua emateko astebete pasatxo baino ez da geratzen jada. Prestaketa lanak azken txanpan ditu Gure Esku Dagok. Adi; dakizuenez, oraingoan bai, 201,9 kilometro luze izango dituen giza katearen 9 kilometro Usurbilgo lurretatik igaroko dira. Ia denak (Kale Nagusitik egingo duen zeharkaldia salbu), N-634 errepidean barrena. Haietatik bi kilometro (11 eta 12garrenak), Troia ingurutik Kaparotz artekoak, eta Aginaga Kaxko pareko 500 metro herritarrek osatuko dute. 1.000 lagunetik gora beharko dira. Jada 700 lagun inguru izena emanda zeuden aste hasierarako. Adi, asteburu hau duzue izen emateko azken aukera! Bestela noiznahi, gizakatea.gureeskudago.eus atarian.
Usurbildarrekin batera, Buruntzaldeko gainerako udalerrietako herritarrek osatuko dituzte Usurbilgo lurrak zeharkatuko dituen gainerako giza kate zatiak. Aipatu moduan, nagusiki, N-634 errepidetik barrena igaroko da giza katea. Errepidea ixtea ez da aurreikusten, erreiletako bat baliatuko da giza katerako. Honenbestez, bolondresak beharko dira trafikoa bideratzeko, baita eskualdetik datozen gainerako herritarren autobusei harrera egin eta aparkalekuetara bideratzen laguntzeko.
Zereginotan laguntzera animatzen dute Usurbilgo Gure Esku Dago lan taldetik. Boluntarioentzako argibideak eskaintzeko, batzar irekia deitu du larunbat honetan (ekainak 2) 12:00etan Potxoenean. “Animatu! bolondresak behar dira”, ohartarazi dute.
Bideoklipa sarean
Giza katerako girotzen hasteko, Lander Garroren zuzendaritzapean, Gure Esku Dagok apirilaren 15ean Usurbilen, Donostian eta geroago Gasteizen grabatu zen bideoklipa sarean duzue ikusgai, gureeskudago.eus atarian. “Etorkizuna dugu irabazteko” dio ikus-entzunezkoaren izenburuak. Albiste honi atxikia duzue.
Giza kateari begirako deialdiak
-Ekainak 1-3: izen emateko mahaia azken aldiz, frontoi inguruan (ostiral arratsaldean, eta larunbat nahiz igande eguerdian).
-Ekainak 2, larunbata: giza katearen antolaketan parte hartu nahi dute boluntarioentzat herri batzarra 12:00etan Potxoenean.
Giza kate eguna
Ekainak 10, igandea
10:00 Norberak dagokion giza kateko kilometrora hurbildu beharko du.
10:00-11:30 Giza katearen antolaketa.
12:00-12:30 Giza katea.
13:30 Jai giroa iluntzera arte Donostian, Bilbon eta Gasteizen.
Informazio gehiago:
Facebook: Gure Esku Dago Usurbil
Twitter: @GureEskuDagoU
Irudia: Gure Esku Dago