"Harria Hitz" bisita gidatuak datozen hiru asteburuetan

Noaua Aldizkaria 2018ko eka. 1a, 08:24

Lehenengoa larunbat honetan (ekainak 2). Lehenbizi osteratxoa egingo da herrian barrena. “Gipuzkoako artista garaikideek nazioarteko ospe eta izena lortu zuten: Txillida, Oteiza, Mendiburu, Basterretxea... Arte-sorkuntzaren bidez gipuzkoar eta euskotar izateko modu bat asmatu eta zabaldu zuten. Mendibururen eskultura, Usurbilgo Plaza eta Zumetaren murala bisitatuko ditugu, hala sorkuntza-ondarearen arteko harremana aztertuz nola kultura-kontzeptuen hedapena azalduz”.

Eta gero, Txokoalderantz joko da. “Txokoaldeko Txalaparta Txokoan txalaparta oso bereziak daude. Ezagutu itzazu Oreka TX-en eskutik larunbat honetan, Harria Hitz bisita gidatuan”. Hurrengo asteburuetan ere bisita gidatuak izango dira Txokoaldeko Txalaparta Txokora:

Ekainak 2, larunbata

10:00 Harria Hitz bisita gidatua herrigunean.

11:15 TXTXTX Txokoaldeko Txalaparta Txokoa ezagutzeko aukera.

Ekainak 8, ostirala

10:00 Frontoitik abiatuta. Iraupena 3,5 ordu.

Ondoren, TxTxTx Txokoaldeko Txalaparta Txokoa ezagutzeko aukera izango dugu, eta Zumeta arte estudiora–Jose Luis Zumeta margolariak eta bere alaba Usoa Zumetak partekatutako espaziora– ere gerturatuko gara (izen ematea ekainaren 6ra arte).

Ekainak 16, larunbata

10:30 Joxan Artzeren omenaldi egunaren baitan, “Harria Hitz” Bisita Gidatua frontoitik abiatuta.

“Harria hitz” itzulia eginez, Usurbilgo herrigunean dauden artelanak bisitatuko dira. Ibilaldi honek argi erakusten du Usurbilek euskal sorkuntzan jokatu duen papera. Usurbil, euskal tradizioa eta modernitatea ederki uztartu dituen herria da, baita euskal sorkuntzarekin konprometitutako herria ere. Usurbilen inon baino hobe islatzen da 60ko hamarkadan Euskal Herrian gertatu zen kultur eztanda. Eta inon baino hobe islatzen da 60ko hamarkadako kultur eztandaren ondorena. Ibilbide hau, herri gunean ikusi daitezkeen zenbait elementuren artean egingo da eta elemetu horien bidez, Usurbilen euskal kultura garaikidea den susperraldian jokatutako papera ezagutzeko helburua eta aukera izango dugu”.  Izena ematea, ekainaren 14ra arte.

Informazio gehiago eta erreserbak: 688 818 017 edo info@kultour.pro

Antolatzailea: Usurbilgo Udala.

Mintzalagunek antolaturiko irteera

Bigarren irteera bat ere programatu da ekainaren 17rako Txokoaldeko tren geltoki zaharrera. Etumeta AEK euskaltegiak, NOAUA! K.E.-k eta Usurbilgo Udalak sustaturiko Mintzalagun egitasmoaren testuinguruan antolatu da txangoa, euskara ahotan hartu eta erabiltzea bultzatzen duen ekimeneko partaideentzat nahiz herritar ororentzat. "Oreka TX-ko kideek Txalaparta Txokoa erakutsiko digute eta txalaparta jotzeko aukera izango dugu!", iragarri dute.

Goizeko 09:30etan finkatu da abiatzeko hitzordua Mikel Laboa plazatik. 11:00etan bisita hasteko hitzordua, Txokoaldeko Txalaparta Txokoan bertan (Txokoaldeko geltoki zaharrean). Irteeran parte hartu asmo dutenei, aurrez, bideotatik izen ematea eskatzen zaie: 607 609 379 / 943 360 321 / usurbil@aek.eus