Proiektuaren aurkako 300 sinadura baino gehiago bildu arren, Lasarte-Oriako Udalak erraustegirako goi-tentsioko linea baimendu duela berri eman du Eguzki talde ekologistak. “Alkateak sinatutako Dekretu baten bidez 132 kV goi-tentsioko obra lizentzia ematen zaio GHK-ri”. Aire Garbia herri plataformatik adierazi dutenez, “ziur gaude askoz zorrotzago joka zezakeela Udalak lasarteoriatarron osasun, ekonomia eta ingurumenaren defentsan. Baina ez du egin. Ezin diogu Akateari sinetsi esaten duenean lasarteoriatar gehiengoaren nahia defendatuko duela, nahiz eta bera ados ez egon. Lasarteoriatar gehienok ez dugu Erraustegia nahi. Ederki daki hori Alkate jaunak eta, nahi izanez gero, askoz zorrotzago izan zitekeen gure ume, heldu eta adinekoen osasunaren defentsan. Lasarte-Oriako lur, landaredi eta faunaren errespetuan eta defentsan”.
Goi tentsioko linearen aurka
Zubietako erraustegia sare orokorrera lotzeko goi-tentsioko linearen aurkako agerraldia egin zuten maiatzaren 2an Lasarte-Orian, bertako Aire Garbia herri plataformak deituta. Eskaera bikoitza egin zioten udalari. "Udalaren jabetzako lurzoruetan goi-tentsioko linea pasatzeko baimenik ez ematea eta erraustegia sare orokorrarekin lotuko duen 132 kV-ko goi-tentsioko linea egiteko obra lizentzia ez ematea". Berri eman zutenez, iazko abenduaren 17an eskatu zuen Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) aipatu linea hau eraitzeko obra lizentzia Lasarteko udaletxean. Eskaeroi babesa emateko sinadurak biltzen aritu ziren Lasarten, eta ekimen horren testuinguruan egin zuen duela hilabeteko agerraldia.
Urte luzez kezkatuak agertu dira erraustegiak maila ekonomikoan eta ingurumen mailan izango duen eraginaz, kasu honetan, Hernani eta Azpeitia lotuko dituen goi-tentsioko lineagatik. Linea honek Urnieta, Lasarte eta Donostia aldekoak diren Zubieta inguruko lurrak zeharkatuko ditu, eta Donostialdeko PTP-ak aurreikusitakoa baino eragin handiagoa izango du "Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) aukeratutako trazadoak", udalerriko lurretan gehiago sartuko baita. "Ondorioz, handiagoak izango dira Lasarte-Oriak pairatuko dituen eragin ekonomiko eta ingurumenezkoak".
Eragin larria zuhaizti bakarrenetakoan
Eraiki ezina den lur eremutik igaroko da eta 7 dorre altxatu beharko dira, "horietatik, bost babestutako baso-eremuetan daude kokatuta eta beste biak babes bereziko landa-eremuetan". Lur gainezko trazadoaz gain, airekoan Babes Bereziko landa-eremu baten gainetik pasatzen da hiru aldiz. "Lur-eremu horietako batzuen jabetza, Lasarte-Oriako Udalarena da".
Lan hauek egiteko "sarbideak, pistak ireki edo egokitu edota zimenduak jartzeko lanak egin beharko dira", eta horretarako, "lur mugimenduak, zuhaitz mozketak, landarediak garbitu, lurzorua okupatu eta erabilera aldatu, paisaia aldatu...". Eta horrek eragin nabarmena izango du ingurunean. "Lurzoru eta zuhaitz landarediaren galerak gertatuko dira, eta baita aldaketak faunan ere. Aurrera begira, inpaktu inportanteena paisaian eta hegazti faunan gertatuko dira".
Eta eragin larria baso landaredian, eta Lasartek duen zuhaizti bakarrenetakoan. Bost dorre "zuhaitz autoktonoengandik hurbil kokatuko dira, arizti azidofilo-baso mistoaren motakoak (aritzak, haltzak, gaztainondoak, lizarrak, pagoak, hurritzak, elorri zuriak, gorostiak, elorri beltzak...)".