Ekainaren 8ra arte bisita dezakezue Sutegin, oroitzapen zaharrak berritzeko aukera eskaintzen duen Ikastolaren 50. urtemugako argazki erakusketa. Arratsaldez zabalduko dute, 17:00-19:00 artean. Martxoan ere erakusgai izan zen irudi bilduma ikusi ez zenutenok, aukera ederra duzue honenbestez, egunotan.
Denboran atzera bidaia
Orain noiznahi eta nahi adina argazki ateratzen ditugun garai honetan, askoz errazagoa zaigu une bat erretratatu eta argazki hori zabaltzea. Garai batean ordea, lan askoz neketsuagoa zen. Kamera zaharrekin ezin nahi adina argazki atera, errebelatu egin behar… Lehen ez zen orain adina argazkilaririk. Eta argazki gutxiago egiten ziren noski. Nabarmentzekoa da horregatik, 50. urtemugaren harira, Ikastlan Sutegirako prestatu duen erakusketarako aurrez egin duen lanketa itzela. 60. hamarkada amaieratik hasi eta 2000. urte ingurura arteko argazki bilduma osatu eta ikusgai jarriko dute egunotan kultur etxeko aretoan.
Ikastolan hazi eta hezitako guztiek oroitzapen eder askoak biziberritzeko aukera izango dute. Ikasle eta hezitzaileak ageri dira bilduma honetan. Ikasturte bukaerako bidaietako argazkiak, inauterietakoak, ikasgela barrukoak… Ezusteko eder askorekin topo egingo duzue, ikastolak Sutegiko erakustaretoan jarritako paneletan eta telebista pantaila bidez. Erakusketa, irakasle talde batek atondu du. Lan ederra egin dute argazkiak bildu, hautatu eta txukun asko bilduma honetarako atontzen.
IKASTOLAK 50 URTE
Ekainaren 8ra arte
17:00-19:00 "Udarregi 50 urte" argazki erakusketa Sutegin.
Ekainak 8, ostirala
17:00 Potxoenea ondoko Olanoenea plazako anfiteatroan, "Tenderetea" antzezlana, Bapatean Zirko taldearen eskutik.
18:00 Txokolate jana Askatasuna plazan.
Antolatzailea: Hitz Aho, Udarregi Ikastolako Guraso Elkartea.
Ekainak 9, larunbata
08:30 Esnadeia kaleetan zehar.
10:00-12:00 Jokoak Ikastola inguruan.
14:00 Herri bazkaria frontoian.
Bazkalostean, musika Ttipika Dantza Gidatuak taldekoekin.
Informazio gehiago: udarregi.eus
Antolatzailea: Udarregi Ikastola.