Zubietako erraustegiaren aurka soilik ez, nazioartean bizirik dira tokian tokiko erraustegi ezberdinen aurkako herri mugimenduen borrokak. Albiste izan ditugu azken aldian, Paris, Florentzia edota Ingalaterra. Ingurumenaren Egun honetan gogora ekarriko ditugu lerrootan.
Urte hasieran Vaux-le-Pénilgo (Paris, Frantzia) erraustegiaren arduradunak zigortu zituen Parisko auzitegi batek, hainbat herritar arriskuan jarri eta desegokitzat jotzen zen instalakuntza eraikitzea baimentzeagatik. 15 urte luzez borrokatu ostean etorri zen epaia, 165 herritarrek aurkezturiko salaketaren harira izandako epaiketaren amaieran. Legez baimendutakoa baino 2.200 aldiz dioxina gehiago isurtzen zituen erraustegi hark. 2002an itxiarazi zuten agintariek erraustegi hura. Aipatu moduan, 15 urteko borroka luzeari ekin zioten gero herritarrek. Bidean hil ziren dozena bat lagun minbiziak jota, gaixorik jarraitzen dute, bizitzen segi ahal izateko borrokan beste hainbat. Historikotzat jo daitekeen epai honek erraustegi haren arduradunei, hiri elkargoari isuna jartzeaz gain, herritarroi kalte ordainak ematera behartu zituzten.
Berriki, Florentziako tokiko agintariek eraiki nahi zuten erraustegiaren aurka agertu da Italiako Estatu Kontseilua. Ez du baimendu planta hau eraikitzea eta honenbestez, 15 urtez proiektu haren aurka eta alternatibak martxan jartzearen alde borrokatu diren herritarrei arrazoia eman die.
Egunotan bestalde, Gloucesterren (Ingalaterra) eraikitzen ari diren erraustegiaren aurka gose grebari ekin dio haurren guraso batek, aipatu hiriko eskualde-gobernuaren egoitza atarian. Eskakizun argi batekin abiatu zuen baraualdia maiatzaren 29an. Erraustegia geratzea nahi du eta proiektuaren kontratua erakustea galdegin. Zentzugabetzat jotzen du proiektu honetan dirua xahutzea eta seme-alaben osasuna, etorkizuna babestu nahi ditu. Hondakinak errausteak dakartzan arriskuez ere ohartarazi nahi du. Inguru hartan mugimendu bizia dute eraikitzen ari zaizkien errauste plantaren aurka.
https://twitter.com/NoMoInGlo/status/1001077327860785152
https://twitter.com/NoMoInGlo/status/1001555510359883776
https://twitter.com/NoMoInGlo/status/1001588037946630145
https://twitter.com/NoMoInGlo/status/1001598756578578432
https://twitter.com/NoMoInGlo/status/1001807098576015360
https://twitter.com/NoMoInGlo/status/1002418272275398657