Hortxe hortxe ziren, herritar batzuen faltan, urte hasieran finkatutako erronka betetzear. 1.000 lagun behar ziren gutxienik, igande honetarako Gure Esku Dagoren giza katerako. “Asteburuko izen emate masiboaren ondoren, 989 herritar batu gara jada. Gertu ditugu helburutzat jarritako 1.000 izen emateak”, berri eman du sare sozialen bidez Usurbilgo Gure Esku Dago lan taldeak.
Mila herritar izatera heltzeko gutxi falta den arren, jende ororentzat egongo da lekua, Donostiatik Gasteizera luzatuko den 201,9 kilometroko luzeradun giza katean. Guztiok gara ezinbesteko mobilizazio honetan. “Izena eman edo ez, etorri Giza Katera! Ezinbestekoa zara!”, nabarmentzen dute.
Giza kate aldarrikatzailea
Adi antolakuntzak helarazitako oharrei. Bai Aginagan eta Usurbilen, herritarrei igande goizeko 10:30etan bi guneotako frontoietatara gerturatzeko deia egin zaie. Bertan antolakuntzaren argibideak jaso eta giza kateko eremura gerturatu beharko da. Ikurrinak, aldarriak, pankartak, eramatera animatzen dituzte herritarrak. “Giza kate koloretsua osatu nahi dugu, aldarrikatzailea!”, adierazi dute.
Eguerdian izango da giza katea, ordu erdi iraungo du. Segidan, Dema plazara joateko deia egin da, argazki erraldoia aterako da.
201,9 kilometroko luzera izango du giza kateak. Donostiako Kontxatik, Bilbotik eta ia 40 herritik igaroko da, Gasteizko Legebiltzarreraino. Giza kate luze honetatik 9 kilometrok Usurbilgo lurrak zeharkatuko dituzte.
Giza katea
Ekainak 10, igandea
Usurbilen
10:30 Hitzordua: has dezagun eguna elkarrekin! Oharrak eta antolaketa Dema plazan.
11:30 Prest! Bakoitza bere tokian! (Txara-Kaparotz artean).
12:00/12:30 Giza katea!
13:15 Argazki erraldoia Dema plazan.
Aginagan
10:30 Hitzordua frontoian. “Has dezagun eguna elkarrekin! Oharrak eta antolaketa.
11:30 Prest! Bakoitza bere tokian! (Ongi Etorri eta Galardi artean).
12:00-12:30 Giza katea!
13:15 Argazki erraldoia Dema plazan.
Arratsaldean zehar, festa giroa Donostian, Bilbon eta Gasteizen.
Ohar garrantzitsuak:
1 · Ekarri zure ikurrina, aldarria, pankarta... Giza kate koloretsua osatu nahi dugu, aldarrikatzailea!
2 · Kontutan izan eguraldia!
3 · Arren, txukun mantendu ingurua; zaborrik ez lurrera!
Antolatzailea: Gure Esku Dago.
USURBIL
9. kilometroa: Lasarte-Oria.
10. kilometroa: Lasarte-Oria.
11. kilometroa: Zubieta-Usurbil.
12. kilometroa: Usurbil.
13. kilometroa: Andoain.
14. kilometroa: Andoain.
15. kilometroa: Urnieta-Aginaga.
16. kilometroa: Astigarraga.
17. kilometroa: Hernani.
-Informazio gehiago:
Facebook: Gure Esku Dago Usurbil
Twitter: @GureEskuDagoU
Irudia: Gure Esku Dago.