Euskaraldia plazaratzeko herri agerraldia ostiralean

Noaua Aldizkaria 2018ko eka. 5a, 11:40

Euskararen erabilera areagotzeko urte amaierarako Euskal Herri mailan deitu den Euskaraldia ekimenarekin bat egin du herri honek. Talde eragile bat ere osatu da, egitasmo hau herri mailan bideratzeko. Potxoenean biltzen dira tarteka. Ekimenari bultzada emateko, plazara aterako dute orain Euskaraldia. Herri agerraldia iragarri dute ostiral honetarako, ekainaren 8rako 19:30etan Mikel Laboa plazan. Hitzordu honen bidez, Euskaraldia sustatu eta ekimenari babesa adierazteko aukera izango da. Agerraldi ireki honetan parte hartzeko deia egiten zaie herritar nahiz eragile orori.

Milaka lagun lanean

Beste herri eta hiri askok bezala, Euskaraldirako izena emana du jada Usurbilek. Euskal Herriko ondoko mapan ikus dezakezuenez, ugaritzen doaz atxikimenduak. "Gaur-gaurkoz milaka lagun ari dira, Euskal Herri osoan, batzordeak sortzen eta ekimena prestatzen", irakurri dugu euskaraldia.eus atarian. 

Egutegia

-Apirila-maiatza: mintegiak lurraldeka, herrietako batzorde kideei lanerako trenak eta baliabideak eskaintzeko.

-Euskaraldian parte hartuko duten "ahobizi" eta "belarriprest" guztientzako prestakuntza saioak eskainiko dituzten lagun sarearen osatzea eta haientzako prestakuntza ikastaroak lurraldeka.

-Irailetik aurrera, Euskaraldian parte hartu nahi duten "ahobizi" eta "belarriprest" guztientzako izen ematea. 

-Euskaraldia: azaroaren 23tik abenduaren 3ra.