Ingurumenaren Nazioarteko Egun honetan aipatzeko moduko beste irudia ondokoa. Zubieta gainean eraikitzen ari diren erraustegia tarteko, airearen kalitatea neurtzeko kabinak jarri dituzte inguruotan. Gai honen harira, Usurbilgo EAJ-k udalerri honetan kabinok jartzeko GHK-k eginiko eskaeraren inguruan Udalak jarrera oztopatzailea agertu duela adierazi du ohar bidez. Gobernu taldetik, EHBilduk gezurtatu egin ditu EAJ-k esandakoak. Segidan duzue talde politiko bakoitzak adierazitakoa.
EAJ-ren ADIERAZPENAK
Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak gutun bat bidali zion alkateari gogoratuz kabinak instalatzea Ingurumen Baimen Bateratuan xedatutako nahitaezko baldintza dela. Oraindik jarrita ez dagoela eta alkatearen jarrera oztopatzailea dela dio EAJko udal taldeak.
“Lasarteko kabinaren aurka egindako sabotajeari buruzko informazioa prentsan agertu ondoren jakin dugu Usurbilgoa oraindik ez dagoela ez jarrita eta ez martxan”, Josune Urkola Usurbilgo bozeramaile jeltzalearen hitzak dira. “Orain dakigu maiatzaren 4an Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak gutun bat bidali ziola alkateari, gogoratuz, kabinak instalatzea Ingurumen Baimen Bateratuan xedatutako nahitaezko baldintza dela Zubietako tratamendu instalazioen inguruko aire kalitatea neurtzeko, bai indarrean jarri aurretik eta baita funtzionamendu garaian ere”.
Honen aurrean, aire kalitatea neurtzeko kabina ipini dezala eskatu dio udal gobernuari. Donostia, Andoain eta Lasarteko udalek beren udalerrietan jarri beharreko kabinak jartzea baimendu zutela dio EAJk, “ingurumen organoak emandako ebazpenak beteaz. Egun, aire kalitateari buruzko datuak ematen ari dira. Usurbilen ordea ez da jarri”, azpimarratu du Josune Urkola zinegotzi jeltzaleak.
Gaia “sekretu handienean mantendu da”
Kabinaren afera ez da berria. Kontsortzioak alkateari zuzendutako gutuna 2017ko abenduaren 1ekoa ei da. “Honen guztiaren berri orain jakin dugu nahiz eta denbora honetan hainbat Hirigintza batzorde eta udal pleno ospatu diren, non ez den inolako informaziorik eman eta gai guztia sekretu handienean mantendu den. Gainera, ingurumen organoak emandako ebazpenari baldintzak ezartzea jarrera oztopatzailea da. Hori da, edaten dugun uraren kalitatearen azterketak oztopatzea azterketa egiten dutenei beraien protokoloetan agertzen ez diren baldintzak exijituz”, gehitu du Josune Urkola udal zinegotziak.
Horregatik guztiagatik, udalari exigitzen dio “jarrera oztopatzailea alde batera uztea” eta aire kalitatea kontrolatzeko kabina jartzea erraztu dezala, “kabina bakoitzak bere neurketak egin ditzan Eusko Jaurlaritzak ezarritako parametroetan eta baldintzetan”.
EHBILDU-ren GOBERNU TALDEAREN ERANTZUNA
Erraustegia eraiki aurretik gure inguruan dagoen aire kalitatea neurtzeko hainbat kabina jarri ditu Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak inguruotan. Airearen kalitatea neurtzeko kabinen harira, aurreko astekarian EAJ-k ohar bidez “alkatearen jokabidea kritikatu, oztopatzailea dela esan, eta gardentasun falta leporatzeko” esandakoak gezurtatu ditu, NOAUA!ra helarazi duen oharraren bidez. “EAJ-PNVk hobe luke Ekondakinen eta GHKren bozeramaile huts izatea baino, benetan aire-kalitatearen neurketa egokiaren alde egingo balu. Eskertuko genieke, bide batez, udal-jarduera gaineko galderak eta kezkak sortzen zaizkienean, zuzenean udal-gobernuko kideoi eta udal-teknikariei helaraztea. Horretarako ere bagaude-eta. Orain arte bezala, ez dugu arazorik zalantzak argitzeko”, adierazi dute udal gobernutik.
Gai honen inguruko gertaeren kronologia zehaztu dute. Batetik, EHBildutik adierazi dutenez, kabinak jartzeko baimena eskatu zuen iazko irailean Ekondakin enpresak. Ordutik, gai honetan Udalak duen eskumena baliatuz, Ingurumen Sailetik bideratu da tramitazioa, eta Ingurumen Batzordean erabakitakoa errespetatu dela diote gobernu taldetik.
Iazko irailaren 11ko Ingurumen Batzordean jorratu zuten gaia, “Josune Urkola batzorde hartan zen” gogorarazten dute EHBildutik. Saio hartako aktan jasoa dagoenez, bi kabina jartzeko eskaera jaso zuen Udalak Ekondakin enpresaren aldetik. “Baimena ematerakoan neurtu beharreko parametroak zehaztu eta datuen erabilera bermatuko da”, adostu zuten batzorde hartan.
Airearen taxuzko neurketa egitea, ezinbesteko baldintza
Abenduaren 1ean, dekretu bidez erantzun zitzaion baimen eskaera emango zuela Udalak, baldintza batzuk betetzekotan. Batetik, estazioetako bat Zubietako larrialdi gunearen atzean kokatu behar zuela eta bestea, Usurbilgo Estraperlo kale hasieran. Neurtu beharrekoa izan zen, finkatu zuen beste baldintza. “O3, BTEX, Nox, PM10, PM2,5 SO2 eta kontrol meteorologikoko parametroak neurtuko dituzte (airearen norabidea barne)”. Eta neurtzen ari ziren parametroetara sarbidea izatea ere exijitu zuen Udalak. Honen berri udalbatza osatzen duten udal ordezkari guztiei jakinarazi zitzaiela adierazi dute gobernu taldetik. “Ikusten denez, Udalak ez ditu baldintza arbitrario edo zentzugabeak jarri. Oso bestela, arrazoizko baldintzak eskatu ditu, airearen neurketa taxuzkoa egin dadin gutxien-gutxienekoak. Arduraz eta erantzukizunez jokatu du Udalak”.
Parametro gehigarriok 2017ko apirilaren 8rako Eusko Jaurlaritzaren ebazpenak ez zituela jasotzen erantzun zion Ekondakinek Udalari iazko abenduan eta horiek beharrezkoak izanez gero, Jaurlaritzarekin harremanetan jartzea eskatzen zion Udalari haren baimena lortzeko, “izan ere, guk indarrean dagoen ebazpena baino ez dugu zehazki bete”.
Maiatzaren 4an kabina instalatzeko eskaera biltzen duen jakinarazpena jaso zuen alkateak. Testuinguru honetan “beraz, sustatzaileek Udalaren esku utzi nahi izan dute Eusko Jaurlaritzarekin egin beharreko gestioa. Ekondakinek (eta GHKk) baimena eskatu, eta Udalari al dagokio Jaurlaritzarekikoak lantzea? Edozein espedienteetan, eskatzailearen ardura da eskaeran ezarritako baldintzak dagokionarekin negoziatzea. Gainera, bestela ere, ez al da ebidentea guk baino irismen eta eragin handiagoa dutela Eusko Jaurlaritzan, eta, nahi izanez gero, askoz eraginkorragoak izango direla? Hala ere, jarrera horrek beste galdera batzuk ekartzen dizkigu: Zergatik ez dituzte bete nahi Udalak jarritako arrazoizko baldintzak? Zeren beldur dira? Eta horren ondorioz: gutxieneko baldintza horiek bete ezean, ez al da itxurakeria hutsa, eta beren burua zuritu nahia, atzetik darabilten asmoa?”.